Biteriko aretoa beteko du Idoia Asurmendik gaur, eta gospel doinuek hartuko dute Erribera

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 28a, 00:00

Idoia Asurmendi abeslari aramaioarra Hernanin izango da gaur.

Samaria Gospel Singers laukotearen emanaldia izango da Astigarragan, 19:00etan hasita. Hernanin, berriz, gauez eskainiko du kontzertua Idoia Asurmendi abeslari arabarrak, 22:00etan, eta agortuta daude sarrerak.

Urteko azkeneko larunbatean, musikak hartuko ditu Astigarragako eta Hernaniko kultur areto nagusiak. Samaria Gospel Singers laukoteak eskainiko du emanaldia Erribera kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan hasita; eta Idoia Asurmendiren kontzertua izango da Biterin, gaueko 22:00etatik aurrera.

Ines Goñik, Ivan Azkaratek, David Lópezek eta Borja Doloñok osatzen dute Samaria Gospel Singers laukotea, eta gospel errezitaldia eskainiko dute gaurkoan, genero horretako abesti eta abeslari enblematikoak Erriberara ekarrita: Doris Akers, Stapel Singers, Clara Ward edota Mahalia Jackson, besteak beste. Sarrerak salgai daude astigarraga.eus webgunean, eta ordubete lehenago zabalduko dute Erriberako lehiatila: helduen sarrera 8 euro dira, eta adin txikikoena 4 euro.

Biterin, berriz, areto nagusia beteko du Idoia Asurmendik, sarrerak agortuta baitaude dagoeneko. Harmailak kenduko dituzte, eta zutik entzungo dute kontzertua bertaratuek. 'De amar y desandar' diskoa aurkeztuko die Asurmendik hernaniarrei, gaurko kontzertuan.

'Pin pang' zirku ikuskizun umoretsua, bihar Erriberan

Azkeneko emanaldi bat izango da bihar Erriberan, urtea bukatu aurretik. Baina musika beharrean, zirkua izango da protagonista, Xabi Larrearen saio berezi batekin: zirku ikuskizun umoretsua eskainiko du, ping-pongeko pelotak, malabarismoak eta magia uztartuz. 17:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude astigarraga.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!