Jolas, tailer eta emanaldi aukera zabala haur eta gaztetxoentzat, Eguberri egunetik bueltan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 26a, 00:00

Hernaniko bi haur ohe elastikoetan jolasean gustura, eta ama begira inbiritan.

Gaur bertan, ludoteka, musika zein komiki tailerrak, eta Zineklubaren saio berezia izango dira Hernanin. Astigarragan, jolas aretoaz gozatzen jarraitzeko aukera daukate kiroldegian, bi emanaldi Erriberan asteburuan. 

Etenaldi txiki bat egin zuten jolas, tailer eta emanaldi kontuek atzokoan, Eguberri eguna izanik. Baina egun seinalatua pasata, aisialdirako aukera zabala izango da berriro, haur eta gaztetxoentzat bereziki, gaurtik aurrera.

Egun potoloa izango da gaurkoa Hernanin. Batetik, bigarren eguna izango du ludotekak, kiroldegian, Kaxkardik gidatuta. Goizeko 10:30etatik 13:30etara egongo da zabalik, bihar bezalaxe; eta denetik prestatu dute jolaserako: badmintona, ohe elastikoak, arku-tiroa, eskalada, jokuak, slackline... Gainera, bi egun hauetan, karaokea ere jarriko dute bertan. Eta bihar, ludotekaren azkeneko eguna izanik, bingo solidarioa egingo dute: janari trukean emango dituzte jokatzeko kartoiak, eta bildutako elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat izango dira.

Gaur eta bihar eskainiko dituzte bi tailer ere, Hernanin bertan. Musika tailerra izango da bata, 0-3 eta 4-6 urteko bi talderentzat, goizez Sandiusterrin. Bestea, komiki tailerra, Udal Liburutegian egingo dute, Ainara Azpiazu 'Axpi' komikigileak gidatuta, 9-13 urteko gaztetxoentzat. Goizeko 11:00etatik 12:30etara izango dira saioak bi egunetan. Bi tailerreterako, hori bai, aldez aurretik eman behar zen izena.

Eta gaurko programa borobiltzeko, saio berezia eskainiko du Zineklubak, 17:00etan hasita Biterin: 'E.T. extralurtarra' filma jarriko dute euskeraz. Doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da 16:00etatik aurrera.

Iturritxo elkarteak ere, haur txokoa gaur eta bihar

Latsunbeberri-Marielutseko Iturritxo auzo elkarteak ere antolatu ditu Gabonetako haur txokoak, urtero bezala; eta gaur eta bihar izango dira, elkartearen lokalean, goizeko 10:30etan hasi eta 13:00ak arte.

Jolas aretoa eta emanaldiak, Astigarragan

Astigartarrek, berriz, kiroldegi­an izango dute jolasean aritzeko aukera, egunero: urtarrilaren 4ra arte egongo da doako jolas aretoa bertan, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara.

Gainera, bi kultur emanaldi prestatu dituzte asteburu honetarako, Erribera kulturgunean. Larunbatean, Samaria Gospel Singers laukoteak eskainiko du kontzertua, 19:00etan hasita: Ines Goñi, Ivan Azkarate, David López eta Borja Dolaño. Igandean, berriz, 'Pin pang' zirku ikuskizun umoretsua ekarriko du Xabi Larreak Erriberako aretora, arratsaldeko 17:00etan. Bi emanaldietarako, sarrerak dagoeneko salgai daude astigarraga.eus webgunean.

Sarrerak agortuta, Idoia Asurmendiren kontzerturako

Hernanin ere izango da puntako emanaldi bat asteburuan: Idoia Asurmendik eskainiko du kontzertua larunbatean, 22:00etan Biterin, 'De amar y desandar' diskoa aurkezteko. Zutik entzuteko kontzertua izango da, eta sarrerak dagoeneko agortu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!