Finalerdietako partiduak jokatuta, dagoeneko erabakita daude 2024ko Binakako Txapelketako finaletako kartelak. Txapelketa nagusian Ezkurrak eta Azpirozek lortu zuten pasea, eta Segurolaren eta Barrenetxea IV.aren aurka jokatuko dute larunbatean. Bigarren mailakoan, berriz, Jabalerak eta Apezetxeak irabazi zuten finalerdia, eta Aldabe-Aiestaran VI bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak finalean.
Jaialdi zirraragarria izan zen Santo Tomas egunekoa. Lehia estua espero zen finalerdietako partiduetan, eta erremontariek ikuskizun ederra eskaini zuten Galarretan. Lehenengo mailako partiduan Ezkurrak eta Azpirozek irabazi zituzten bi setak (15-10 eta 15-10), eta nagusitasunez lortu zuten aurrera egitea. Ezkurra izan zen erremontari onena, lehenengo setean batez ere. Urrizak saiakera batzuk egin zituen aurreko koadroetan gailentzeko, baina ezin izan zuen ezer egin.
Final haundian Segurola eta Barrenetxea izango dituzte zain. Ligaxkako partiduetan garaipen bana dute bi bikoteek elkarren aurka; lehenengoan 2-1 gailendu ziren Ezkurra eta Azpiroz, baina bigarrenean erraz irabazi zuten Segurolak eta Barrenetxeak. Bi bikoteak sasoi betean iritsi dira txapelketaren azken zatira, eta partidu gogorra izango dela aurreikusi daiteke.
Jabalera eta Apezetxea, nagusi
Bigarren mailako finalerdian ere nagusitasunez irabazi zuten Jabalerak eta Apezetxeak. 15-12 irabazi zuten bi setetan, eta merezimendu osoz lortu zuten finalerako txartela.
Finalean ere maila bera ematea izango da bikotearen helburua, baina lana gogotik egin beharko dute txapelketako bikote indartsuenari aurre egiteko.