Olentzerok eta Mari Domingik alderik alde zeharkatuko dute Urumea bailara gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 24a, 00:00

Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileak, astigartarren gutunak biltzen, joan den urteko kalejiran.

Goizeko 11:30etan jaitsiko dira Santiomenditik Astigarragara, eta 17:00etan iritsiko dira Hernanira. Goizuetan bi txandatan aterako dira Olentzerorekin, eta Aranon eta Ereñotzun erronda bana egingo dute kantari.

Egun berezia da gaurkoa, Gabon gauekoa. Eta Urumea bailara osoan nabarituko da hori, herri guztietan antolatu baitituzte errondak, kalejirak eta Olentzerori eta Mari Domingiri ongietorria egiteko ekitaldiak.

Alderik alde zeharkatuko dute bailara Olentzerok eta Mari Domingik gauean, baina egunez ere egingo diete bisita herritarrei. Goizeko 11:30ak aldera jaitsiko dira Santiomenditik kalejiran, eta Astigarragako Foru Plazan elkartuko dira haurrekin. Eta arratsaldean, Hernanin izango dira biak, 17:00etan Zinkoeneara iritsita, kale buelta egiteko. Zelabide auzoan ere egongo dira arratsaldeko 18:00etan.

Goizuetan, berriz, goizean eta eguerdian egingo dute kale buelta Olentzerorekin: Xalto eskolakoak aterako dira goizeko 11:00etan, eta eguerdian hasiko dute kale buelta Ezker Abertzaleak antolatuta.

Horrez gain, erronda eta kalejira ugari egingo dituzte bailaran, kantuan. Aranoarrak izango dira goiztiarrenak, 09:00etan abiatuko baitira Surotik, etxez etxe kantari aritzeko.

Hernanin, kalejira herrikoia egingo dute aurrena, hiru tokitan hasita: Txantxillatik, Atsegindegitik eta Portutik abiatuko da adar bana 10:30etan, musikarien laguntzaz; eta Plazan elkartuko dira denak 12:00etan. Izararekin joango dira gaztetxoak, eta Pausoka Elkartearentzat izango da bildutako dirua.

Eguerdiko 12:00etan hasiko du Gabon gaueko kale buelta Kantuz abesbatzak, Milagrosatik abiatuta. Paulo Ttikiya Bertso Eskolak, berriz, baserriz baserri egingo du erronda, arratsaldeko 16:00etan Iparragirre sagardotegian hasita. Eta Hernaniko Musika Bandak, azkenik, 20:00etatik aurrera girotuko ditu Kaxkoko kaleak.

Postua eta manifestazioa gaur, Hernaniko Sarek

Gabonetako egitaraua antolatu du Hernaniko Sarek ere, eta horren baitan, bi zita jarri ditu gaurko. Batetik, elkartasun postua jarriko du; eta bestetik, presoen aldeko manifestazioa egingo du, arratsaldeko 19:30etan Plazatik abiatuta. Bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.

GABON GAUA BAILARAN

GAURKO EKINTZAK

ARANON

09:00, Etxez etxe kantari, Surotik abiatuta.

ASTIGARRAGAN

11:30, Olentzero eta Mari Domingi Santiomenditik jaitsiko dira Foru Plazara, kalejiran. Xaguxar aisialdi taldeak antolatuta.

EREÑOTZUN

14:15, Erronda, Txirrita eskolako haur eta gurasoen eskutik, auzoan zehar kantari aritzeko.

GOIZUETAN

11:00, Xalto eskolaren irteera Olentzerorekin, ikastolako tabernatik abiatuta.

Eguerdian, Olentzerorekin irteera, Ezker Abertzaleak antolatuta.

HERNANIN

10:30, Kalejira herrikoia: Txantxillatik, Atsegindegitik eta Portutik abiatuko da adar bana, eta 12:00etan elkartuko dira Plazan.

12:00, Gabon gaueko kale buelta, Kantuz abesbatzarekin, Milagrosatik abiatuta.

16:00, Erronda baserriz baserri, Hernaniko Bertso Eskolarekin, Iparragirre sagardotegian hasita.

17:00, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Zinkoeneatik.

18:00, Olentzero eta Mari Domingi, Zelabide auzoan.

20:00, Gabon gaueko erronda, Hernaniko Musika Bandarekin, Kaxkoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!