Olentzerok eta Mari Domingik bailarako txokoak bixitatuko dituzte umeen azken gutunak jasotzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 23a, 00:00

Abenduaren 24a guztiontzat berezia bada ere, umeentzat are bereziagoa izaten da. Biharko hitzordu ezberdinak lotu dira, herriz herri.

 

Gabon gaua beti izan ohi da berezia, eta are gehiago bailarako txikienentzat. Bihar da eguna, Olentzero eta Mari Domingik bailara zeharkatu eta herriz herri umeen eskutitzak jasoko dituztena. Guztia dago prest, eragile, talde eta herritarrek harrera beroa prestatu diete. Beraz, prestatu ahots kordak, bihar kantari ospatzeko eguna baita.

Santiagomentidik jaitsiko dira goizean Olentzero eta Mari Domingi Astigarragako haurrak bixitatzeko. Kalejiran egingo dute ibilbidea eta Foru plazan elkartuko dira ondoren, goizeko 11:30etan, gainontzeko herritarrekin batera.

Goizueta ere bixitatuko du Olentzerok, goizean zehar DBHko gazteekin ibiliko da eta gainontzean, beste eragileekin batera egingo du kale buelta.

Gipuzkoara itzulia, oraingoan Hernanin egingo du parada. Arratsaldeko 17:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, Zinkoenea plazara. Bertan Hernaniko herritarrak zain egongo dira. Musika sumatuko da herrian egun osoan zehar, goizeko 12:00etako kale bueltarekin hasi, arratsaldeko 16:00etako erronda jarraian, eta azkenik, gaueko errondarekin amaituko da Hernaniko Musika Bandaren eskutik.

Aranon eta Ereñotzun ere ezta girorik faltako. Aranoarrek goizeko 09:00etan baitute hitzordua ahotsak berotzen hasteko, ereñotzuarrek berriz, eguerdian, 14:15etan Txirritako haur eta gurasoek elkartuko dira.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!