Hernaniko eta Astigarragako haurrek gabonetako oporraldi hauetan jolasteko eta ondo pasatzeko aukera izango dute ludotekan eta jolas aretoetan. Hernanin gaur, ostegunean eta ostiralean izango da ludoteka, Kaxkardiren eskutik. Astigarragan berriz, gaurtik hasi eta urtarrilaren 4a bitarte izango da zabalik jolas aretoa.
Eguberrietako oporrak
lagunekin, Astigarragan
Astigarragako txikienek jolas aretora hurbiltzeko aukera dute gaurtik aurrera. Zehazki, kiroldegiko azpiko aretoa egokitu dute herriko txikienek oporraldietan jolasteko aukera izan dezaten. Sarrera nagusia ikastolaren aldetik egingo da. Goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:30etara egongo da zabalik, zortzi urtetik hamabi urte bitarteko haur eta nerabe guztientzat.
Doan izango da jolas aretoa, eta oporraldietako egunak lagunekin ospatzeko aukera bikaina izango da: ping-pong mahaia, mahai jolasak, futbolina edota eskulanak egin ahal izango dira bertan.
Astigarragako Udalak jakinarazi du, haurren sarrera-irteera ez dela gainbegiratuko.
Zortzi ekintza edo txoko
hernaniarrentzat
Hernaniko txikiek zortzi ekintza edo txoko ezberdinak izango dituzte aste honetan, Kaxkardiko kideen eskutik. Gaur, ostegunean eta ostiralean egingo da ludoteka, Hernaniko udal kiroldegian.
Ludotekak goizeko 10:30etan irekiko ditu ateak eta 13:30ak bitarte egongo da jolasteko aukera. Ekintzen artean: arku tiroa, 8 urtetik 14 urte bitarteko nerabeentzat; eskalada, 6 urtetik 12 urte bitarteko haurrentzat; slackline-a; ohe elastikoak eta haur txokoa, 0 eta 8 urte bitarteko txikientzat. Bestalde, jolasak eta pala eta erraketa jokoak ere izango dira.
Jolas guzti horiez gain, ostegunean eta ostiralean karaokea ere izango da, eta ostiralerako bingo solidarioa antolatu dute. Bertan, Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzako janari bilketa osatuko dute.