Amaierara iristen ari da Binakako Erremonte Txapelketa, eta gaur bertan erabakiko da zein bikotek jokatuko duen final haundia Segurolaren eta Barrenetxea IV.aren aurka. Arratsaldeko 15:15etan hasiko da gaurko jaialdia, Galarretan.
Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Azpiroz bikoteak arituko dira aurrez aurre, eta irabazten duenak lortuko du hilaren 28ko finalerako txartela. Bikote urdina bigarren postuan sailkatu zen ligaxkan, sei jardunalditan 13 puntu aterata; gorriak, berriz, hirugarren izan ziren, 10 punturekin.
Aurrekariei erreparatuta, norgehiagoka berdindua espero da gaur arratsaldeko jaialdian. Ligaxkako lehenengo partidua Urrizak eta Larrañagak irabazi zuten, bi setetan gailenduta (15-11 eta 15-12). Bigarren partiduan, berriz, Ezkurrak eta Azpirozek lortu zuten garaipena, hauek ere 2-0 gailenduta (15-14 eta 15-14).
Goizuetarren arteko lehia, bigarren mailakoan
Bigarren mailako txapelketan ere gaur erabakiko da finaleko bigarren bikotea. Aldabe eta Aiestaran VI hernaniarra dagoeneko sailkatuta daude, eta ikusteko dago nork irabaziko duen Jabalera-Apezetxea eta Loitegi-Zubiri bikoteen arteko partidua. Goizuetako bi erremontariren arteko lehia ikusteko aukera izango da atzeko koadroetan.
Kasu honetan, Jabalera eta Apezetxeak lortu zituzten puntu gehiago ligaxkan (11 puntu), baina gaurkoa finalaurreko partidua izanik edozer gertatu daiteke.