Enaitz Goñi eta Olatz Altuna, Bidasoarekin, Ohorezko Mailara igotzeko borrokan ari dira Castellonen

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Bidasoa taldeko mutilen taldea faborito nagusia da Ohorezko Mailara igotzeko Enaitz Goñirekin.

Espainiako Kopako Lehenengo Mailan lehiatzen dabiltza atzotik, talde irundarrarekin beste hamabost talderen aurka, eta bihar jakingo da igoera lortu duten edo ez maila altuenera.

Gabonen atarian igeriketako Espainiako Kopan murgildu dira Estatuko talde hoberenak. Ohorezko Mailako zortzi taldeak Sabadellen hasi ziren atzo lehiatzen eta Lehendabiziko Mailako hamasei taldeak berriz, Castellonen. Euskal Herriko taldeei dagokionez Irungo Bidasoa taldea da hoberena eta bai mutiletan eta bai nesketan Lehendabiziko Mailan ari da lehiatzen. Taldeko partaide dira Enaitz Goñi eta Olatz Altuna hernaniarrak.

Bidasoako mutilek Ohorezko Mailara igotzeko aukera haundiak dituzte eta bi talde onenen artean egotea da helburua. Igoera bi lehen sailkatuek lortzen dute eta azken lauak maila galtzen dute. Madrid Moscardó, Santa Olaya, C.N. Alcobendas, C.N. Las Palmas, Anaitasuna, C.N. Granollers, Atletic Barceloneta, C.N. Sant Feliu, E.M. El Olivar, C.N. Barcelona, C.N. Mataró, C.N. Tenis Elche, C.N. Helios, C.N. Palma Mallorca eta C.N. Dos Hermanas izango dira aurkariak. 

Pobra bakoitzean, postuaren arabera, puntuak banatzen zaizkio igerilari bakoitzari eta puntu horiek taldeari gehitzen zaizkio. Puntu gehien batzen dituen taldea izango da irabazlea. Talde bakoitzetik bi ordezkarik egiten dute igeri proba bakoitzean. Eta puntu guztiak batzen dira.

Enaitz Goñik 400 metro estilo libre, 1.500 metro estilo libre, 200 metro bizkar eta 400 metro estiloetan lehiatuko da. Baita 4x200 metro libreko erreleboan.

Neskak pasa den urtean galdu zuten maila

Bidasoako neskak pasa den urtean jaitsi ziren Ohorezko Mailatik. Aurten igoera izango dute helburua. Olatz Altunak, 50 metro estilo librean, ordezko moduan bidaiatu du. Nesken kasuan aurkariak ondorengoak izango dira: C.N. Terrasa, Santa Olaya, Judizmendi, Inacua Malaga, Nados Castellon, C.N. Pozuelo, C.N. Delfin, C.N. Mairena Aljarafe, C.D. Amaya, Rivas Natación, Costa Azahar, Getxo Igeriketa, C.N. Tenis Elche, C.N. Ferca-San Jose eta C.N. Menditxo.

Espainiako Kopa eta gero, Donostiako Eguberrietako Nazioarteko txapelketa jokatuko da abenduaren 27an eta hor ere arituko dira bailarako bi igerilariak, Anoetako Paco Yoldi igerilekuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!