Nor da nor?

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Hegazti bat, arranoaren antzekoa, begi berdeekin eta moko arrosarekin, inteligentzia artifizialaz egina.

Trump eta Biden protagonista direneko bideo desberdinak ikusten ari naiz sareetan. Egia esan behar bada, beti mirestu izan dut umoregileen sormena. Bideo horietako batean bi protagonistak poz-pozik ikusten ziren, elkarren lagun balira bezala, haurtzarokoak. 'Amo a Laura' bideokliparen estilokoa, edo 'Sara maitagarria' zen garaikoa. Kasu honetan 'YMCA' estiloaren karikatura da egiten duena. Biden eta Kamalaren estiloa Thanksgivinean

Behin aitortzekin hasi naizela, hemen esan behar dut, zenbait arte ulertzeko zailtasunak ditudala. Behin British Museum bisitatu genuen Javik eta biok. Euria ari zuen eta topatu genuen lehenengo eserlekuan jarri ginen. Ez genuen tutik ere ulertzen paretetan zintzilik zegoena. Bertan zeuden pertsonen ikusteko moduak, miresmen begiradek, horiek bai erakarri gintuzten. Agian, gure arte jakintzaren neurrirago suertatu zen argizariz egindako pertsonaien museoa. Errealak ziruditen. Begirada ere bizidunonaren antzekoa zuten. Ukitua ere oso errealista. Inpresioa egin zigun, benetakoak ziruditen.

Artea pintzelez, atzamarrez, arkatzez, argizariz egitea zilegi da. Tresna digitalekin ere egin dezakegu. Honetarako badira aplikazio oso interesgarriak. Sormena duenak bertan mundu bat deskubritu dezake.

Oso gustuko dut, adibidez, Dall-e. Open AI etxeak sortua da. Etxe honek sortzen dituen aplikazioak algoritmo sendo eta egonkorretan oinarrituta daude. Baina ezinbestekoa da eskatzen dioguna garbi izatea. Eskaerari Prompt deitzen zaio, eta honelako zerbait izan daiteke: egidazu hegazti urdin bat, arranoaren antza duena, begi berdeak eta moko arrosa. Honek, lehen bilaketa bada, aplikazioak duen datu zaku orokorretik hartuko du arrano bat, begi berde parea eta moko arrosa bat. Ez du bestelako ezagutzarik gehituko. Eta horren collagea eginen du. Geure buruan zegoenaren antzik badu, ederki. Aginduz agindu, fintzen joatea gure lana da. Adibidez, mokoa alda iezadazu luzeago eta kamutsago batez. Jar iezaiozu hegaletan kolore gehiago, urdin eta berdez nahastuta. Edonork egin dezake marrazki bat. Buruak irudikatu behar du, ordea, marrazki hori. 

Badago beste adimen artifizial bat oso atsegin dudana, Leonardo AI du izena. Doako lizentzia erabiltzen badugu, sortzen dugun irudi kopurua mugatua da egun bakoitzeko. Irudi eskaintza zabala du. Oinarri bezala erabiltzeko edo bere horretan erabiltzeko, sortzaileak hala baimentzen badu. Magia munduan sartzen zaituzte bertako artistek. Katu Siames hegalariak, ponpa laranjaz egindako ilea duten pertsonak, pasarela bateko modeloak, eta garun batek amestu dezakeen edozer errealizatua. 

Etekina atera nahi badiogu, lehenik zer irudikatu nahi dugun pentsatu behar dugu, bestela ezin emango dizkiogu aginduak. Gainera, erabiltzaile eta pasahitzak ahalbidetzen ditugunez, geure erabiltzailearen ibilbideaz ikasten dute tresna hauek. Historian ontzat edo txartzat eman ditugunak gordetzen ditu. Ikasten doanez, gero eta hurbilago daude erantzunak gure gustuetatik. Sormena duenak, pintzelarekin eta pinturarekin egiten duen magia, orain, digitalki egin dezake. 

Sare sozialetan filtro edo iragazkiak jartzean, adimen artifiziala dago atzean. Ezpainak ezpain direla jakin dezake eta nahi dugun kolorez tintatu. Zaila egiten zait haur baten azalarekin ikustea nire adineko pertsonak. Ez diot zimurrari halako errezelorik. Pailazoak datozkit burura denak aurpegi igualez ikusten ditudanean. Pororik eta zimurrik gabeak. Animeak balira bezala. Ez dut edertasun hori ulertzen. Gustuko duenak erabiltzea zilegi da, ordea. Nola ez. 

Oso ezagun dugu ordainketa bidezko lizentzia duen Photoshop ere. Adobe etxearena da. Argazki edizioan dabilenarentzat tresna handia. Adimen artifiziala gehitu diote. Eskaera zehatzetan dago hemen ere gakoa. Birfintzea ere asko laguntzen du, eta kapa desberdinetan kolore eta testura konparaketak egiteko oso lagungarri gerta daiteke.

Gizartean entzun dut suplantazioaren kezka ere. Norbaiten irudi faltsua erabiltzean datza. Iruzurtiak beti topatzen ditu bideak bere asmoak gauzatzeko. Eta bere obrak zabaltzen dituen komunitate bat ere izaten du maiz. Obra horiek bidea badute, bidea eman dion hatz gizatiarra dagoelako izango da. Demagun norbaiti kaltea eragingo dion irudia duen mezua iristen zaidala niri Whatsappera. Azken hau mezuak era azkarrean bidaltzen dituen aplikazioa dugu, gizartean oso zabaldua eta erabilia. Nire esku dago hori bidali didanari bidea eman edo moztea. Salatzea ere aukeran dago. Ez ahantzi, nire kontaktu guztiei bidaltzen badiet eta haiek eurenei, zazpi saltotan munduaren beste aldera iristen dela mezua. Kritiko izatea gizakiaren ardura da. Geurea ez dena edo zinez ez dakiguna zabaltzea, gaizkilearen konplize izatea ere badela iruditua daukat.

Garai batean ez zegoen ordenadorerik. Adimen artifiziala fantasia bat zen. Diru faltsua bazebilen, ordea, kaleetan.

Orain askoz ere azkarrago zabaltzen da kaltea. Premisa horri aurre egitea tokatzen zaigu. Azkarrago eten dezakegu iruzur eta kaltea. Abiadura eta tresna berberak ditu onerako eta kalterako erabili nahi dituenak. Gizakiaren esku dago, ordea, erabilera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!