Salto eta zilipurdietatik, eskulan, komiki eta musika tailerretara

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Arku-tiroan aritzeko aukera ere izan ohi da Hernaniko kiroldegiko ludotekan.

Beste urte batez, adin txikikoen gozamenerako makina bat aukera prestatu dituzte bailaran, Gabonetako oporraldirako. Jolas parkeak izango dira Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietan, eta komiki, musika eta eskulan tailerrak ere bai. Haurrei zuzendutako kultur emanaldiak ere prestatu dituzte, datozen bi asteetarako.

Haur eta gaztetxoak izaten dira, ohikoan, aukera gehien izaten dutenak Gabonetan aisialdiz gozatzeko. Bi asteko oporraldia izango dute aurten ere, atzotik Errege Egunera bitarte. Eta horretaz ahalik eta gehien gozatu dezaten, haiei begirako eskaintza zabala prestatu dute Urumea bailarako herrietan, beste behin.

Ez da jolas parkerik faltako, Astigarragan eta Hernanin. Abenduaren 23an zabalduko dute jolas aretoa Astigarragako kiroldegi azpiko aretoan, eta urtarrilaren 4ra bitarte egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30etara. Doakoa da, eta 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat prestatu dute bereziki. Jolas ugari topatuko dituzte bertan: ping-pong, mahai jolasak, futbolina, eskulan tailerrak...

Hernanin ere, kiroldegian izango da jolaserako aukera, Kaxkardik gidatutako ludotekarekin, abenduaren 23an, 26an eta 27an. Goizez izango da, 10:00etatik 13:00etara, mota guztietako jarduerekin: eskalada, badmintona, ohe elastikoak, mahai jolasak, arku-tiroa... Karaokea ere izango da, eta azkeneko egunean, bingo solidarioa egingo dute, 11:30etan hasita, Gipuzkoako Elikagai Bankuari laguntzeko: emandako elikagaien trukean banatuko dituzte kartoiak, parte hartzeko.

Ohe elastikoetan aritzeko, Zinkoenean ere izango da aukera, Berriak elkartearen eskutik. Urtarrilaren 6ra arte egongo da haur parkea bertan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. 

Tailerrek ere protagonismoa izango dute oporraldian. Hernanin, musika tailerra izango da nobedadea, etxeko txikienentzat. Abenduaren 26an eta 27an eskainiko dute, goizez, Sandiusterrin; eta bi taldetan ariko dira: 0-3 urtekoentzat bat, eta 4-6 urtekoentzat bestea. Komiki tailerra ere prestatu dute, abenduaren 26an eta 27an, eta urtarrilaren 2an eta 3an eskainiko duena Ainara Azpiazu 'Axpi' komikigileak. 9-13 urtekoentzat izango da hori, Biterin, 11:00etatik 12:30etara. Bi tailerretarako, aldez aurretik eman behar da izena.

Eta haur eta gaztetxoentzako eskaintza borobiltzeko, kultur emanaldiak ere izango dira. Erribera kulturgunean, esaterako, 'Pin pang' zirku ikuskizun umoretsua izango da abenduaren 29an, arratsaldeko 17:00etan, Xabi Larrearen eskutik. Eta Biteri kultur etxean, 'Teilatupean' haurrentzako antzezlana eskainiko du Lankuk, urtarrilaren 2an, 18:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!