Batetik langostinoak, bestetik urdaiazpiko paleta; orain legatza labean, eta ondoren txuleta. Aitortu beharra daukagu, pixka bat mokofinak izaten garela Gabonetako otorduetan. Gehientsuenek izaten dute jaki goxoez eta gutiziez gozatzeko gogoa, datozen egun seinalatuetan.
Izan ere, Gabonetan une berezienetakoak dira otorduak, oraindik ere. Familia giroan edo lagunartean elkartu, eta bazkari edo afari eder batez gozatzea da urteroko ohitura, lau hitzordu nagusirekin: Gabon gaueko eta Urte Zahar eguneko afariak (24 eta 31), eta Eguberri zein Urte Berri egunetako bazkariak (25 eta 1).
Jaki goxoez gozatu bai, baina hartzen ote dugu lanik eta astirik horiek prestatzeko? Gero eta gutxiago, harategi eta arrandegietan konturatzen hasita daudenez. Otorduak xinpletzera jotzen ari omen gara pixkanaka: «Garai batean egiten ziren askoz ere plater landuagoak, baina orain nahiago dugu xinple egin, zerbait azkarra eta goxoa prestatu, eta denok disfrutatu dezagula, sukaldean hainbeste ordu pasa gabe. Guztioi gustatzen zaigu kalean egon eta poteoa luzatzea!», dio Pineda harategiko Gorka Eizmendik.
Kontuak kontu, «azkarra eta goxoa» bilatu edo plater landuagoak prestatu, aukeratu behar izaten dugu: haragia ala arraia? Noiz bat eta noiz bestea? Dirudienez, badago joera orokor bat, arraia afaldu eta haragia bazkaltzekoa. Baina etxe bakoitzak izango ditu bere ohiturak eta gustuak, noski. Behin aurreneko galderari erantzunda, zein haragi edo arrai jango dugun pentsatu behar, eta denborarekin egitea komeni. Izan ere, eskaria izugarri haunditzen da harategietan eta arrandegietan, abenduaren hasieratik aurrera. Enkarguz gainezka dabiltza Urumea bailaran, eta halaxe ibiliko dira abenduaren 24ra arte, ilara 'polittak' dituztela.
Azkeneko momenturako utzita, litekeena da 'produktu izarrak' izaten diren horiek topatzeko zailtasunak izatea, baina aukera berriak sortzen dira horrelakoetan, eta baita originaltasuna bilatzeko aukera ere.
Errezeta liburuetan edota interneten, topatuko ditugu zientoka bat aukera, ohikoan jaten ez ditugun haragi eta arrai horiekin edonor harritzeko. Bilaketa azkar bat eginda, kolpean topatu ditugu 'Gabonetarako errezeta goxoenak' biltzen dituzten hamaika webgune. Baina tira, hori ere lan pixka bat hartu nahi duenarentzat, noski...
«Marisko eskaria haunditzen da bereziki Gabonetan; urte osoan jaten ez duenak, eskatu egiten du orain» Txipiroiak dira Gabonetako «produktu izarra» arrandegietan, Enrike Legardak aditzera eman duenez; eta labean prestatzeko arraiek ere eskari haundia izaten dute, legatza eta xapoa kasu.
Enkarguz beteta daukate datozen egunetako zerrenda, Itxaspe arrandegian: «Gabonetarako, jendeak denborarekin eskatzen du arraia, ziurtatzeko nahi duen hori edukiko duela otordu berezietarako. Izan ere, arrai batzuetan ez dago nahikoa alerik guztientzat, lonjetan. Herritar gehienek, 10 egun lehenago egiten dute eskaera, eta azkeneko bi egunetan biltzera etorri. Eromena izaten da pixka bat, lan guztia pilatzen baitzaigu bi egun horietan», kontatu du Enrike Legardak. Arrai kontuetan ere, «gauza bereziak» jatea gustatzen zaio jendeari: «Gurean, marisko eskaria da gehien aldatzen dena. Urtean zehar mariskorik jaten ez duenak, garai hauetan eskatu egiten du. Baina txipiroiak dira produktu izarra une honetan. Izan ere, prest utzi daitezke aldez aurretik, eta jateko momentuan berotu. Jendeak lana sinplifikatzen du, gero eta gehiago. Eta horrez gain, labean prestatzeko arraiek ere arrakasta izaten dute. Legatza eta xapoa dira gehien eskatzen dituztenak». Eskaria haunditzen den arrai horietan, prezioak ere egiten du gora egun hauetan. Badira aldez aurretik erosi eta izozten dutenak ere, baina gutxiengoa dira: «Kalamarra eta xapoa dira benetan ondo geratuko zaizkizula ziurtatu dezakezun bakarrak. Gainerakoei ez die mesederik egiten», aitortu du Legardak. Eta badira, era berean, «urte osoko preziorik merkeenean» dauden arraiak ere, jendeak garai hauetan ez dituelako eskatzen: «Legatz txikiagoak, adibidez, oso merke daude. Kilo batekoak edo kilo eta erdikoak, jendeak ez ditu eskatzen; haundiak nahi ditu, gehiago elkartuko direlako. Berdin gertatzen da salmoneteekin, fanekekin edota oilarrekin. Urteko preziorik onenean daude orain». Arrai horietan bilatzea aukera ona izan daitekeela uste du Legardak: «Txipiroi batzuk plater zoragarria dira Gabonetako afari baterako, baina korbina edota bakailua ere ederrak dira, eta prezio onean daude urte sasoi honetan». Bat ala bestea izan, haien etxean arraia jango dutela, hori ziur: «Beti izaten dut nahiago arraia, eta data hauetan, hain ohikoak ez diren horiek hartu ohi ditut etxerako». |