Gabon usaina nabari da dagoeneko bailarako kaleetan, eta badatoz hainbeste itxaron diren neguko oporrak. Urtea amaitzeko eta berri bat hasteko muga horretan, bailarako herriak prest daude opor egun hauek topera gozatzeko. Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan Udaleko zenbait sailek eta herriko zenbait eragilek elkarlanean, neguko opor hauetarako egitarau zabala prestatu dute. Hernanik egitarau berezia plazaratu du, abenduaren 17an hasi zena eta urtarrilaren 4ean amaituko dena. Tartean, ludoteka, tailerrak, filmak, kontzertuak edota irteerak egiteko aukera egongo da. Batez ere, 0 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzako eskaintza plazaratu dute, baina helduek ere izango dute zer egin eta zer ikusi tartean. Gainera, eskuartean diren ekintza gehienak dohainik izango dira.
Etxeko txikienen zirrara
Hernaniko haurrentzako eskaintza bereziki zabala izango da datozen asteetan. Alde batetik, gabonetako ludotekan parte hartzeko aukera izango dute, hilaren 23, 26 eta 27an. Goizeko 10:00etatik 13:00ak bitarte jolasteko modu eta tresna ezberdinak izango dira. Normalean txikienei izugarri gustatzen zaien esperientzia izaten da ludotekarena.
Bestalde, txikienentzat gabonetako zita garrantzitsuenetako bat izaten da Olentzero eta Maridomingiren etorrera. Urtero lez, abenduaren 24an bixitatuko dituzte Hernaniko haurrak Olentzerok eta Maridomingik. Zinkoenean elkartuko dira hasieran, arratsaldeko 17:00etan, eta kale bueltari hasiera emango diote. Arratsaldeko 16:00etan erronda ere egingo dute bertso eskolakoek Iparragirretik abiatuta.
Komiki tailerra ere eskainiko du Ainara Azpiazuk 'Axpi'. Liburutegian burutuko da tailerra, eta 10 eta 13 urte arteko haur eta gaztetxoentzat bideratuta egongo da. Lau saio izango dira guztira: abenduaren 26 eta 27an, eta urtarrilaren 2 eta 3an.
Zinea eta antzerkiaz gozatzeko aukera ere izango dute haurrek eta baita gurasoek. Zinekluban E.T filma euskeraz ikusteko aukera izango da, abenduaren 26an Biterin izango da ikusgai, arratsaldeko 17:00etan hasita. Zirku antzerkia abenduaren 30ean izango da, arratsaldeko 17:00etan Sandiusterrin. Bestalde 'Teilatupean' antzerkia ere eskainiko da, familien gozagarrirako, urtarrilaren 2an arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak Biterin edota kultura.hernani.eus webgunean eskuratu daitezke.
Liburutegiko 'Baietz asmatu' jolasaren sarien zozketa ere egingo da urtarrilaren 3an.
Musika tailerra, estreinakoz
Aurtengo neguko oporrek badute nobedadetik, izan ere, estreinakoz antolatu dute txikientzako musika tailerra Hernanin. 0 eta 6 urte bitarteko haur eta haien heldu erreferenteentzako tailerra eskainiko da, Kukutrasen eskutik. Bi eguneko tailerra izango da, hilaren 26an eta 27an, Sandiusterrin.
Hernaniko Gaztelekuan neguko ekintza berezia
Gaztetxoagoek beraientzako eskaintza zabalagoa aurkituko dute Gaztelekuan. Bertako hezitzaileek neguko ekintza bereziak antolatu dituzte aste hauetarako, bereziki 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduak direnak. Tartean, tazak margotzeko tailerra, txokolatada txurroekin, 3D argazki magikoaren tailerra, paninien arratsaldea edota costa jump-era irteera. Hezitzaileek gogoratu dute ekintzetan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa izango dela, gaztelekua@hernani.eus helbidera idatziz edota 688 82 34 20 telefono zenbakira deituta.
Gazte eta helduentzako kontzertua Biterin
Neguko oporretako egitarauan helduek ere izango dute zertaz gozatu. Batetik, atzo, Andoni Mutiloa hernaniarrak 'Nire fantasia' kabareta eskaini zuen Biterin bertan. Bestalde, Idoia Asurmendiren kontzertua ere izango da, hilaren 28an. Biterin izango da, gaueko 22:00tan hasita eta zutikako kontzertua izango da.
Goizuetan ere plan ederrak gabonetan
Goizuetan ere izango da zer egin gabonetan. Bihar bertan, Umore ona abesbatzak eta herriko gaztetxoak elkarrekin gabonetako kontzertua eskainiko dute, 12:15etan elizan. Etzi, Palestinaren egoeraren inguruko hitzaldia eskainiko du Palestinan jaio eta Goizuetako familia duen Hashem Tawfiq Al Khalili herritarrak. 'Iragana eta etorkizuna' izenburupean arituko da hizketan.
Abenduaren 24an ere ohiko errondekin girotuko dute herria. Goizean, 11:00etan, DBHko ikasleak aterako dira, ikasbidaia antolatzeko dirua lortzera. Ezker Abertzaleko kideek ere arituko dira kantuan egunean zehar.
Eguberriko tailerrak ere izango dira herriko txikienentzat. Abenduaren 26, 27 eta 31n. Goizak euskeraz eta jolasean igarotzeko aukera izango da tailerretan.
Goizuetako irakurle taldea ere bilduko da opor hauetan, zehazki, abenduaren 30ean arratsaldeko 18:30etan Tifanitxon. Eta, urtea amaitzeko mendi buelta ere antolatu du Arainburu mendi taldeak. Urtarrilaren 31n Mandoegi IV irteera burutuko dute, eta goizeko 08:00etan abiatuko dira plazatik.
Astigarragan jolas aretoa neguko oporretan
Astigarragan ere zenbait ekintza antolatu dituzte datozen opor egunetarako. Hasteko, zineaz gozatzeko aukera izango da bihar. Haurrentzako 'Super Klaus' pelikula eskainiko da 2 eurotan, Erriberan. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da eta euskeraz izango da. Helduentzako 'Jurado Nº2' pelikula eskainiko da, 5 euroren truke, Erriberan. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta gaztelaniaz izango da.
Haurrentzako eskaintzaren barruan, jolas aretoa gailentzen da. Etzitik hasi eta urtarrilaren 4a bitarte Astigarragako haurren eguberrietako oporrak lagunekin jolasean igarotzeko aukera izango dute. Goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:30etara irekiko da aretoa, eta doan izango da 8 urtetik 12 urte bitarteko nerabeentzat.
Abenduaren 24an, Olentzero eta Maridomingik Astigarragako haurrak ere bixitatuko ditu, goizeko 11:00etatik 12:00etara, Foru plazan. Arratsaldez, Zelabide auzoan izango dira Olentzero eta Mari Domingi.
Hilaren 28an Ines Goñi abeslariak Ivan Azkarate, David López eta Borja Doloñoren ahotsen laguntzarekin, gospel errezitaldia eskainiko du genero honetako abesti eta abeslari protagonista askorekin. Arratsaldeko 19:00etan izango da emanaldia, Erriberan. Zirku eskaintza ere egongo da Xabi Larrearen eskutik, abenduaren 29an.
Azkenik, urteari amaiera goxo bat emateko, urte zahar egunean, koplak abestuko dituzte Bostirieta 'Bustieta' baserritik abiatuta, goizeko 11:00etan. Kantuz taldeak antolatu duen ekimena da, eta parte hartu nahi izanez gero, 637 736 629 telefono zenbakira deitu behar da. Gazte topa ere egingo dute Zipotza elkartean, 01:30etan Astigarragako Gazte Asanbladaren eskutik.
Aranoarrak etxez etxe kantari
Aranon abenduaren 24an urtero bezala herriko umeekin batera etxez etxe kantari mugituko dira. Goizeko 09:00etan abiatuko dira Surotik. Miaxiria aldizkaria, bi urtero ateratzen dena euskera zerbitzuari eta herritarren laguntzari esker, 24ko egunean banatuko da.
24 arratsaldean aterako dira Txirritako haur eta gurasoak
Hilaren 24an auzoan zehar abesten arituko dira Ereñotzuko Txirrita eskolako haur eta gurasoak. Aurtengoan arratsaldez egingo dute erronda, 14:15etan eskolako patioan elkartuta.
HERNANI Abenduak 23 Gabonetako kontzertua: Hernaniko Musika Banda. Arratsaldeko 20:00etan hasita, San Joan Bataiatzailearen elizan. Abenduak 23, 26 eta 27 Gabonetako ludoteka, Kiroldegian goizeko 10:00etatik 13:00etara. Abenduak 24 Gabon gaueko kale buelta, Kantuz abesbatzarekin. Eguerdiko 12:00etan Milagrosatik. Abenduak 24 Erronda baserriz baserri Bertso Eskolakoekin, arratsaldeko 16:00etan Iparragirren hasita. Abenduak 24 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, arratsaldeko 17:00etan Zinkoenetaik. Abenduak 24 Gabon gaueko erronda, Hernaniko Musika Bandarekin. 20:00etan hasita erdigunetik. Abenduaren 26 eta 27 Txikientzako musika tailerra, bi saiotan egingo da. 0 eta 6 urte arteko haur eta haien heldu erreferenteentzat izango da, Kukutrasen eskutik. Abenduaren 26, 27 eta urtarrilaren 2 eta 3 Ainara Azpiazu 'Axpi'rekin komiki tailerra. 10 eta 13 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. Abenduaren 26 Zinekluba: E-T filma euskeraz. Biterin arratsaldeko 17:00etan. Abenduak 26 Tazak margotzeko tailerra Gaztelekuan. Abenduak 27 Txokolatada txurroekin, Gaztelekuan. Abenduak 28 Laser Tag-a Gaztelekuan. Abenduak 28 Idoia Asurmendiren kontzertua. Gaueko 22:00etan izango da eta zutik. Sarrerak: Biterin edo online. Abenduak 30 Zirku-antzerkia, arratsaldeko 17:00etan Sandiusterrin. Sarrerak: Biterin edo online. Abenduak 31 Urtezahar eguneko erronda, Hernaniko Ohitura zaharrak abesbatzarekin. Arratsaldeko 17:30etan udaletxeko arkupetik. Urtarrilak 2 'Teilatupean' antzerkia, Biterin arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak: Biterin edo online. Urtarrilak 2 3D argazki magikoak egiteko tailerra, Gaztelekuan. Urtarrilaren 3 Liburutegiko 'Baietz asmatu' jolasaren sarien zozketa. Urtarrilak 4 Costa Jump-era irteera. GOIZUETA Abenduak 22 Gabonetako kontzertua Umore Ona abesbatzak eta herriko gaztetxoak elkarrekin. Eguerdiko 12:15etan elizan. Abenduak 23 Hitzaldia: 'Iragana eta etorkizuna'. Hashem Tawfiq Al Khaliliren eskutik, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko ganbaran. Abenduak 24 Olentzeroa. Goizean DBHko gazteak eta egunean zehar Ezker Abertzaleko kideak. Abenduak 26, 27 eta 31 Eguberriko tailerrak haurrentzat. Abenduak 30 Goizuetako irakurle taldeak Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin' liburuaz ariko da, arratsaldeko 18:30etan Tifanitxon. Abenduak 31 Arainburu mendi taldeak antolatuta, mendi irteera Mandoegi IV. Hitzordua goizeko 08:00etan plazan. ASTIGARRAGA Abenduak 22 Zinema. 'Super Klaus' haurrentzat eta 'Junardo Nº2 helduentzat. Erriberan izango dira, lehenengoa 16:30etan eta bigarrena 19:00etan. Abenduak 23tik urtarrilak 4ra Jolas aretoa haurrentzat. Goizeko 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:30etara. Doan eta 8 eta 12 urte bitarteko nerabeentzat. Abenduak 24 Olentzero eta Maridomingi Santiagomenditik jaitsiko dira kalejiran, Foru plazara. Xaguxar elkartearen eskutik. Goizeko 11:30etatik 12:00etara. Abenduak 24 Olentzero eta Maridomingi Zelabide auzoan egongo dira, arratsaldeko 18:00etan. Abenduaren 28 'Samaria gospel singers' musika ikuskizuna. Arratsaldeko 19:00etan Erriberan. Abenduaren 29 'Ping pang' zirku emanaldia Xabi Larrearen eskutik, arratsaldeko 17:00etan Erriberan. Abenduaren 31 Urte zaharreko koplak kantuz taldearekin batera. 11:00etan hasita Bostirieta 'Bustieta' baserritik hasita. Abenduaren 31 Gazte topa Zipotza elkartean 01:30etan, Astigarragako Gazte Asanbladak antolatuta. ARANO Abenduaren 24 Etxez etxe kantari 09:00etan Surotik. Abenduaren 30 Eguberrietako tailerra Maixuenean 10:00etatik 13:00etara EREÑOTZU Abenduak 24 Erronda. Txirritako haur eta gurasoak auzoan zehar abestuko dute. 14:15etan aterako dira. |