Santo Tomaseko periya, txoixua ta ogiya

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Batzuek eguna pixka bat aurreratu arren, gaur ere txorixo ogitartekoek hartuko dute protagonismoa bailaran.

Gabonetako lehenengo egun berezia da gaurkoa, Santo Tomas Eguna. Azken egunetan txistorra pintxoak nonahi jateko aukera izan dute bailarako herritarrek, eta gaurkoan ere usain hori nagusituko da kale eta auzoetan. 

Hernanin Errugbi Elkartearen postuak hartuko du erdigunea. Aurreko larunbatean egin zuten modura, klubeko jokalariek eta kideek prestatuko dituzte pintxoak. Tilosetako eskailera parean jarriko dira oraingoan ere. Goiz Eguzkiko kideek ere gaur ospatuko dute Santo Tomas eguna, 10:30etatik aurrera. 

Auzoei dagokienez, Lizeagan gaur egingo dute txistorra jatea. Gibelalde Auzo Elkarteak antolatu du festa, eta saskiaren zozketa ere egingo dute. Portuko Auzo Elkarteak plan antzekoa prestatu du, baina bihar egingo dute ospakizuna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!