Taupa mugimenduaren helburua izango da aurrerantzean euskaltzaleak saretzea

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 21a, 00:00

Pasa den larunbatean egin zuten Taupa Euskaltzale Mugimenduaren aurkezpena. Orain arte Euskaltzaleon Topagunea izan da, baina hemendik aurrera Euskal Herri osoko herri guztietan eragingo dute.

Orain arteko bideari jarraipena emateko hasiera berri bat irudikatu zuen pasa den larunbatean Euskaltzaleon Topaguneak. Hemendik aurrera Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak izango du Euskal Herri osoko euskaltzaleak saretzeko ardura, eta izena ez ezik, «izana ere» aldatuko da. 

Eraldaketa hau hausnarketa prozesu baten ondorioetako bat da. Jasone Mendizabal Taupako koordinatzaileak azaldu zuen zergati nagusia: «Euskerak eta herriko honek jauzi bat behar dute, eta jauzia eragiteko, gu geu gauden tokitik mugitu behar gara. gauzak aldatzeko sortu ginen, eta gauzak aldatzera goazelako, eragin nahi dugun tamainako eraldaketa gorpuztea dagokigu». 

Orain arte euskera elkarteen elkargunea izan da Euskaltzaleon Topagunea, eta harago joateko asmotan, lan eremua zabaltzea erabaki dute orain. «Euskera elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osora antolatzera», azaldu du Jon Zapata aktibazio arduradunak. Horrekin batera, gehitu zuen euskeraren alde ekarpena egin nahi duen orok izango duela Tauparekin bat egiteko aukera. 

Lehenengo erronkak ere zehaztu zituzten aurkezpen prentsaurrekoan. Momentuz, lehenengo pausoak ematearekin batera, «aukera berri eta berritzaileak» proposatzeko nahia du Taupak: «Hala ere, dagoeneko abian diren ekintzak izango dira oinarria; saretik bertatik sustatzen diren ekintzak ez ezik, beste eragile batzuek proposatutakoak bultzatzea ere bada Tauparen bokazioa».  

Erabileraren sustapena berebizikoa da Tauparentzat

Kale erabilera biderkatzeko baldintzak sortu nahi ditu Taupak, datorrena 'erabileraren aroa' izan dadin. «Ezerosotasunean aritu beharko gara Euskal Herrian euskeraz aritzea ohikoa eta erosoa bilakatu arte». 

Horretarako, euskaltzale mugimendu indartsu baten beharra aldarrikatu zuten Taupako kideek.

 

«Eskaintza zabala izango du Taupak, eta herri gehiagotara iritsiko da»

Dobera Euskara Elkartetik begi onez ikusten dute estrategia aldaketa, nahiz eta euren lana ez den gehiegi aldatuko.

Euskaltzaleen Topaguneko elkarteetako bat zen Dobera Euskara Elkartea, eta aldaketa honek zuzenean eragin dio. Doberako kideek begi onez ikusten dute Tauparen sorrera, eta proiektuaren bilakaera gertutik jarraitzeko gogoz agertu dira: 

«Aldaketa nabarmenena da euskara elkarteen sare bat izatetik eragile propio bat izatera pasatzea. Edonork parte hartu dezake bertan, ez bakarrik elkarteetako kideek. Horren alde ona da, esaterako, euren herrietan erreferentziazko euskara elkarterik ez duten herritarrek errazago eragiteko aukera izango dutela aurrerantzean. Eskaintza zabala eta propioa ere izango du Taupak, eta horrek ahalbidetzen du herri gehiagotara iristea. Gogotsu gaude proiektuaren bilakaera ikusteko, nahiz eta gure jardunean ez duen eragin haundirik izango. Iruditzen zaigu euskara elkarteon arteko komunikazioa eta saretzea ere indartuko direla bide berri honetan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!