Emaitza berarekin eta modu antzekoan berdindu dute Hernaniko nesken eta mutilen talde nagusiek, asteburuan. Euskal Ligako taldea Añorgan aritu zen larunbat arratsaldean, eta luzapenean berreskuratu zuen puntu bat, 2-2 berdinduta. Añorgarrek ordu laurdenera hartu zuten aurrea markagailuan, eta 33an berdindu zuen Garazi Lizarragak. Partidu parekatua Añorgaren aldera eroriko zela zirudien, 73an lortutako golari esker. Baina partidua bukatzear zela, Enire Beainek egin zuen binakoa, puntu bat ekartzeko.
Beste horrenbeste egin zuten Ohorezko Erregionaleko mutilek, igandean Zubipen, Aloña Mendiren kontra. Kasu horretan, berdeek hartu zuten aurrea markagailuan, Xabat Etxandin 15garren minutuan lortutako golari esker; eta halaxe iritsi ziren atsedenaldira. Aldageletatik bueltan, ordea, malda gora jarri zitzaien partidua, sei minutuko tartean lortu baitzituzten bi gol oñatiarrek. 90ean berdindu zuen Xemark Matosek hernaniarrentzat.
Kolpe gogorra, Mundarrok
Mundarrok, ordea, ezin izan zuen punturik lortu mutilen Erregional Preferentean. Moreek kolpe gogorra jaso zuten larunbatean Zarkumendegin, Sanpedrotarraren kontra (1-5).