Segurola-Barrenetxea IV eta Ezkurra II-Azpiroz bikoteek, finalerako pase zuzena jokoan gaur

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 14a, 00:00

Endika Barrenetxea hernaniarra, lurretik pelota zaila jasotzen.

Galarretan jokatuko dute, 16:30etan hasita, Binakako Txapelketaren ligaxkako azkeneko partidua. Aurreneko postua daukate jokoan: bikote irabazlea finalera sailkatuko da, eta galtzaileak semifinala jokatuko beharko du.

Ezin zitekeen emozio haundiagorik eskatu, Binakako Txapelketaren ligaxka bukatzeko. Gaur jokatuko dute azkeneko partidua, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan; eta sari potoloena daukate jokoan bi bikoteek: Segurola eta Barrenetxea IV batetik, eta Ezkurra II eta Azpiroz bestetik, finalerako pase zuzena lortzeko lehian.

Sailkapeneko koxka gorenetan, ia pare-parean daude bi bikoteak. Josetxo Ezkurra eta Xabier Azpiroz dira lider, 14 punturekin; eta puntu bakarrera daude Beñat Segurola eta Endika Barrenetxea, bigarren. Puntu horrek ez du ezer aldatuko, gaurko partiduari begira: bikote irabazleak lortuko du finalerako pase zuzena, eta galtzaileak semifinala jokatu beharko du, Javier Urrizaren eta Iban Larrañagaren kontra.

Ez da erraza pronostikorik egiten. Bi bikoteak oso maila onean aritu dira ligaxkan, eta horren erakusgarri dira lortutako emaitzak. Jokatutako bost partiduetatik lau irabazi dituzte Ezkurrak eta Azpirozek; azkeneko lauak, gainera, estreinakoa galdu ondoren. Segurolak eta Barrenetxeak, berriz, hiru irabazi dituzte, baina galdutako biak desenpatean galdu dituzte. Horietako bat, hain juxtu, Ezkurraren eta Azpirozen kontra: 11-15, 15-12 eta 2-8 izan zen haien artekoaren emaitza, aurreneko itzulian.

 

Finalerako txartela ziurtatzeko asmoz, Aldabe eta Aiestaran

Bigarren mailako txapelketan ere, gaur argituko dira kontuak. Finalerako pase zuzena esku-eskura daukate Kemen Aldabek eta Aitor Aiestaranek (12 puntu): nahikoa dute puntu negatiborik ez jasotzea, Jon Irazuren eta Ibon Zalduaren kontra; denera 15 tanto egitea, alegia.

Lehia estuagoa dago semifinaletara sailkatzeko. Hori ziurtatuta daukate Aimar Jabalerak eta Oier Apezetxeak (11 puntu), eta gainerako hiru bikoteen artean jokatuko dute bigarren postua: Irazuk eta Zalduak 4 puntu dauzkate, Julen Loitegik eta Aritz Zubirik ere bai, eta Urtzi Gurrutxagak eta Ibai Martirenak bakarra. Azkeneko bi bikote horiek, elkarren kontra ariko dira gaurko hirugarren partiduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!