Aurrebegirale titulua lortzeko ikastaroa eskainiko dute Leitzan abenduko azken egunetan. Mendialdeko 14 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako ikastaroa da. Dohainik izanen da, baina plaza mugatuak dituzte. Jasotako formakuntzak aisialdiko ekintzetan boluntario aritzeko balio du, baita begirale izateko lehen urrats bezala ere.
LAGAk eta Irurtzungo gizarte zerbitzuek antolatu dute ikastaroa, eskualdeko udalen laguntzarekin. Abenduaren 26an, 27an, 28an eta 30ean izanen dira saioak, 10:00etatik 14:00etara. Azken egunean, hilaren 30ean, 17:00ak arte luzatuko da. Ikastaroa non eman oraindik zehaztu ez duten arren, ziurrenik Leitzan izanen da, baina beste herrietatik etortzeko garraio zerbitzua eskainiko dute.
Urtxintxa eskolak emanen ditu tailerrak, dohainik izanen dira eta parte hartzaileek diploma jasoko dute. Aisialdiako hezkuntzaren inguruan ikasi, proposamenak egin eta erantzunak lortu eta aurrebegirale titulua lortzeko aukera izanen dute.
Izenematea gaur arte
Aranoko, Goizuetako, Leitzako, Aresoko, Larraungo, Lekunberriko, Araizko eta Beteluko 14 eta 17 urte arteko gazteek parte hartu dezakete ikastaroan. Izena emateko epea abenduaren 13ra arte egonen da zabalik: Amazabal Insitutuan jarritako izen emateko orrian, 605 46 68 05 edo 681 26 51 89ra deituta edo prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org helbidera idatzita.