Dena prest etziko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 12a, 00:00

Andoni Rekondo, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, B. Gaztelumendi, Alaia Martin, Aner Peritz, Ane Labaka.

Andoni Rekondo hernaniarra bertan arituko da eta Kronikan elkarrizketa argitaratuko da larunbatean bertan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala etzi, larunbatean, jokatuko da Donostian, Illunbeko zezen plazan 17:00etatik aurrera, eta finalisten artean izango da Andoni Rekondo hernaniarra, bailarako ordezkari bezala. Asteartean izan zen, Illunben bertan, finaleko aurkezpena eta hantxe izan ziren zortzi finalistak. Kronikak jarraipen berezia egingo dio finalari eta igandeko alean emaitzak eta finalaren berri argitaratuko ditu paperean, Illunbe bertatik lan eginda. Finaleko egunean, larunbatean, Andoni Rekondori Kronikak eginiko elkarrizketa argitaratuko du. 

Rekondorekin batera, beste zazpi bertsolari hauek izango dira Illunben: Alaia Martin, Ane Labaka, Aner Peritz Euzkitze, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Aurkezpenean ere izan zen Ane Ezenarro, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileen ordezkari izateaz gain, txapelduna iragartzearen arduraduna izango da etzi; eta harekin batera izango da Iker Iriarte, gaiak ematen.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira finalaren egunean. Urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu ziren aurkezpenean bertako protagonistak. Guztiek hartu zuten hitza, beteranoek zein lehen aldiz finalera heldu direnek, eta ilusioa eta gogoa nabarmendu zituzten.

Epaitzen, aldiz, sei epaile hauek ariko dira: Bakarne Urreaga, Eneritz Azkue, Iñigo Legorburu, Karlos Ibarguren, Leire Beloki eta Oihana Aranguren. Idazkaria Aratz Irazustabarrena izango da.

 

Arantzazu Loidi eta Patxi Goikolea, sari emaile

Pasa den astean jakinarazi zenez, Arantzazu Loidi izango da Gipuzkoako txapeldunari txapela janztearen arduraduna. Almen bertso-eskolaren izenean, bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi. Berarekin batera, irakasle izan zuen Patxi Goikolea izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!