Badator negua, eta horrekin batera, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Negulekuak. Horietan, etzikoa izango da izena emateko azkeneko eguna. Urtero bezala, bi astetan zehar, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra bitarte, ekintza ugari egiteko aukera izango dute etxeko txikiek: ludoteketan parte hartzea, irteera txikiak, jolasak, sukaldaritza eta bestelako tailerrak.
Negulekuetako helburu nagusia haurrei euskarazko aisialdia eskaintzea dela gogorarazi du Doberak: «Neguko oporretan euskeraz eta euskerarekin gozatzeko aukera eman nahi dugu».
Bi asteetan zehar, 3 eta 10 urte bitarteko haurrak, hau da, 2014 eta 2021 artean jaiotakoak, arituko dira Negulekuetan. Ordutegia zabaldu egingo dute aurten: goizeko 08:00etatik 09:00etara harrera egingo diete umeei, 09:00etan Negulekuetako ekintzei emango diete hasiera, eta horietaz gozatzeko aukera izango dute haurrek eguerdiko 13:30ak arte.
Negulekuen eskaintza bi asteetakoa izan arren, aukera ezberdinak eskainiko ditu Doberak, behar ezberdinetara egokituta. Aste bakarrean aritu nahi izanez gero, (lehenengo edo bigarren astean) 60 eurokoa izango da prezioa; Doberako bazkideentzat, berriz, 50 eurokoa. Bi asteetan aritu nahi izanez gero, 110 euroan izango da izenematea, eta 90 euroan bazkideen kasuan.
Etzi bukatuko da izena emateko epea, eta talde kopurua mugatua dela kontuan izanda, lehenbailehen apuntatzea gomendatu dute antolatzaileek. Doberako webgunean bertan eman daiteke izena: dobera.eus.
Ereñotzun ere aukeran, Negulekuak
Hernanin ez ezik, Ereñotzuko haurrentzako ere antolatu dituzte Negulekuak. Ordutegi eta antolaketa berdina izango dute, baina auzoko ludotekan egingo dituzte saioak. Horietarako, Doberaren webgunean edota Auzo Udalean apuntatu daiteke.