Arano ere UEMAko kide izanen da larunbatetik aurrera, «euskeraren arnasgune trinkoenetako bat»

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 11a, 00:00

Egunerokoan zein zita berezietan, euskeraz bizitzen jarraitu nahi dute Aranon.

Batzar Nagusian onartuko du eskaera Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta horrekin, Urumea bailara osoa izanen da UEMAko kide.

Duela urte batzuetatik zeukan nahia gauzatuko du Aranok: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide izanen da larunbatetik aurrera. Aranoko Udalak azaroko plenoan onartu zuen, aho batez, UEMAn sartzeko eskaera egitea; eta UEMAk larunbat honetan emanen dio oniritzia, Lekunberriren eskaerarekin batera, Zarautzen eginen duen Batzar Nagusian.

«Euskaldunen %92,2ko indizearekin, euskeraren arnasgune trinkoenetako bat da Arano, eta horri eutsi nahi dio Udalak», goraipatu du UEMAk. Hala baieztatu dio Joxan Ruiz alkateak, Kronikari: «Betidanik izan da euskeraren arnasgune sendoa, baina badaukagu kezka txikiak erabileraren inguruan; bereziki, sare sozialen erabilerarekin, nerabeen eta gazteen artean. Ezinbestekoa da euskerazko hedabideak ere kontsumitu ditzatela, baina ez da erraza. Adibidez, Kronika bezalako egunkari bat izatea, egunero eta euskeraz, oso garrantzitsua da guretzat».

Kezka horien aurrean, alkateak uste du UEMAren parte izateak lagunduko diola herriari: «Beraien ekintzak eta zerbitzuak lagungarri izanen ditugu, eta UEMAko kide izateko konpromisoa hartuta, eutsi behar diogu euskeraz bizitzeko hautuari. Aranoko euskalkiaren transmisioan ere egin nahi dugu indarra. Gutxi dira Aranoko euskalkia hitz egiten dutenak, eta beharrezkoa dugu transmisio hori eman dadin, ez galtzeko. Horretan ere lagundu diezaguke UEMAk».

Alkateak azaldu du, urtetan izan dutela UEMAn sartzeko nahia, «baina aurrekontuz juxtu xamar gabiltza beti. Eta orain, Nafar Gobernuko dirulaguntza bat baliatu ahal izan dugu horretarako».

Larunbatean Arano eta Lekunberri UEMAn sartzearekin batera, 113 udalerri izanen dira UEMAko kide, eta bertan ordezkatuta egonen da Urumea bailara osoa. Izan ere, lehendik dira mankomunitateko kide Goizueta, Hernani eta Astigarraga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!