Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu Gipuzkoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abenduaren 10a

Astigarragan abenduaren 11n, asteazkenean, banatuko dituzte; Hernanin, aldiz, hilaren 12an, ostegunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –hilabete bakoitzean bana eta azala–, eta "bisualki oso erakargarria ez ezik, Gipuzkoaren nortasunaren isla" ere badela azpimarratu Jose Luis Garcia de Madinabeitiak, Gipuzkoako Argazki Elkarteko epaimahaiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Gipuzkoa 1.000 urte lelopean. 272 parte-hartzailek hartu dute parte, "Gipuzkoako txoko eta leku ezberdinen esentzia harrapatuz", eta "emaitza harrigarria eta oso anitza" izan dela adierazi du Irune Berasalucek, Gipuzkoako foru bozeramaileak.

Jose Angel Amuchasteguiren "argazki koloretsu ikusgarria" da, hain zuzen ere, aurtengo irabazlea, eta 1.000 euroko saria jaso du. Arantzazuko santutegiko kriptara jaisteko eskaileraren beiratearen argi eta koloreen jolasa islatzen du argazkiak, "Gipuzkoako ondare kulturala erakutsiz". Gainontzeko hamabi irabazleek, berriz, 250 euroko sariak jaso dituzte.

Astigarragan eta Hernanin

Astigarragan hilaren 11n, asteazkena, banatuko dituzte egutegiak, 13:00etatik 14:00etara Foru enparantzan; Hernanin, berriz, abenduaren 12an, ostegunean, 10:00etatik 11:00etara, Gudarien plazan.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!