Emakumea Pilotari izeneko proiektua aurkeztu zuten atzo Diputazioan. Azken urteetan, geroz eta neska gutxiago dabil pelota federatuan (81 lizentziatik 43ra jeitsi dira) eta beheraldi horri buelta emateko asmoz dator lau urteko plan hori. Federaziotik etorri da iniziatiba, eta Diputazioaren, 10 udalen (tartean Hernanikoa) eta Ikastolen Elkartearen konpromisoa du proiektuak berekin.
Emakumeetan pelota bultzatzeko ekimen honek hiru eremu nagusitan lan egingo du: eskola kirolean, lehiaketetan, eta denbora librean pelota bultzatzen. Eskola kirola 10- 16 urte bitarteko umeekin egiten da eta horri eustea oso garrantzitsua jotzen du planak.
Emakumearen batzordea
Kirol federatuari dagokionez, proiektuaren helburuetako bat da emakume pelotarien kolektiboa inplikatzea, horretarako bideak jarrita. Hala, Federazioko erabaki organoetan emakumeek aginte gehiago izango du eta Emakume Pelotarien Batzarra sortuko da, kolektibo osoa bilduko duena.
Kirol mailan, Gipuzkoan hiru teknifikazio gune sortzea da proposamenetako bat, eta lehiaketa egutegi aproposa osatzea bestea.
Azkenik, garrantzi berezia eman zaio konpetizioa utzi edo hor ibili nahi ez duten neskek lagunartean pelotan ibiltzeko erreztasunak emateari.
Emakumea Pilotari lau urteko proiektua da eta 140.000 euroko aurrekontua du. Hernaniko Kirol Patronatuak denera 6.000 euro jarriko ditu lau urteko epean.
Trinketeak behar dira
Proiektuarekin denak konforme ziren, baina, pelotariek nabarmendu dute azpiegitura premia haundia dagoela. “Gipuzkoa pelotari neskak munduko txapelketak jokatzen ari dira eta hemen ez dago (maila horretako) trinketerik” bota zuen Garbiñe Tijerok. Federazioko lehendakariak proposatu zuen eskualde bakoitzeko bat jartzea.
Hernanin jendez oso ondo
Gipuzkoan geroz eta emakume pelotari gutxiago badaude ere, Hernanin ia alderantziz gertatzen da, urteetako lanari esker. Garbiñe Tijerok atzoko aurkezpenean azaldu zuen Hernanin 8-15 urte bitarteko 40 neska dabiltzala pelotan: “Eta, aurten topea hor jarri behar izan dugu, ezin genuelako jende gehiago hartu” esan zuen pelotari eta entrenatzaile hernaniarrak. Tijerok jendearengana iristeko herrikomunikabideen garrantzia azpimarratu zuen.
“Hernanin orain dugun arazoa da, batez ere kadeteetan, beste herrietan ez dagoela pelotaririk eta beti gure artean bakarrik jokatu beharra daukagula” dio Tijerok.