Enaitz Goñik eta Olatz Altunak Euskal Herriko Kopa irabazi dute Bidasoarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 14:29

Tolosaldearen aurretik gailendu zen Irungo taldea, Tolosako Usabal igerilekuan. Puntu sorta bikaina batu zituzten Hernaniko bi igerilariek

Enaitz Goñi eta Olatz Altuna hernaniarrek Euskal herriko Kopako txapeldun izan ziren, Tolosako Usabal igerilekuan, Irungo Bidasoa taldearekin. Bi igerilariak garrantzitsuak izan ziren Bidasoa taldearen alde puntuak batzeko orduan. 

Goñik laugarren garaipena jarraian lortu du txapelketa honetan. 2021 eta 2022an Tolosaldearekin gailendu zen eta azken bi urteetan Bidasoarekin lortu du garaipena. Altuna pasa den urtean bueltatu zen igeriketara, urte luzez igerilekuetatik urrundu eta gero. Azken bi urteetan Bidasoarekin irabazi du Euskal Herriko Kluben Arteko Kopa. Mende honen lehenengo hamarkadan askotan lortu zuen garaipena Bidasoarekin.

Olatz Altuna errelebo batean, eta 50 eta 100 metro estilo libreetako proba indibidualetan aritu zen. Zazpigarren amaitu zuen 100ekoan eta bigarren 50ekoan marka oso on batekin (26:32).

Enaitz Goñik lau proba indibidualetan (200 bizkar, 400 metro estiloetan, 400 libre eta 1.500 libre) eta 4x50 eta 4x200 metro libreetako erreleboetan hartu zuen parte. 400 metro estilo librean irabazi egin zuen bere denbora onenetik ehuneneko gutxira, bigarren amaitu zuen 1.500 librean eta hirugarren 200 bizkar eta 400 metro estiloetan. Gainera 200eko erreleboan lehenengo irten zen eta bere markarik onena egin zuen 1:50.95eko denborarekin. 

 

Abenduaren 20tik 22ra Castellonen, Espainiako Kopan

Urte amaierako helbururik nagusiena Bidasoarentzako, baita Enaitz Goñi eta Olatz Altunarentzako, Espainiako Kluben Arteko Kopa izango da. Castellonen izango da txapelketa hori abenduaren 20tik 22ra. Bai Bidasoako neskak eta mutilak lehenengo mailan daude eta helburua ohorezko mailara igotzea izango da, Espainiako zortzi talde onenen artean berriz kokatuz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!