Segurolak eta Barrenetxea IV.ak 1-2 (15-12, 9-15 eta 7-8) gainditu zituzten Urriza eta Larrañaga Binakako Erremonte Txapelketako-Orona Fundazioaren ligaxkako azken-aurreko partiduan.
Emaitza honekin irabazleak bigarren kokatu dira sailkapenean 13 punturekin Ezkurra II-Azpiroz, ligaxkako liderrengandik, puntu bakarrera. Partidu bakarra geratzen da lehen faseari amaiera emateko eta azken partidua Segurolak eta Barrenetxeak, Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurka jokatuko dute.
Partidu horrek erabakiko du bi bikoteetatik nor igaroko den finalera zuzenean. Gainera, ez da kalkulurik egin behar, irabazleak lehen postuan bukatuko baitu eta galtzaileak bigarren postuarekin konformatu beharko baitu. Bigarren postuan geratzen denak Urriza eta Larrañaga izango ditu aurkari abenduaren 21eko finalerdian, finalera zuzenean pasatzeko oso aukera gutxi zituztelako, eta ligaxka hirugarren postuan amaitu dutelako hamar punturekin.
Jabalera-Apezetxea bikoteak beste garaipen bat
Jabalerak eta Apezetxeak 0-2 irabazi zieten Irazu eta Zalduari Bigarren Mailako Txapelketan (11-15 eta 13-15). Lehen seta ondo menderatu zuten, bigarrenean gorriek abantaila zuten, baina azkenean abantaila joan zitzaien eta bi hutsegitek, bata Zalduaren eta bestea Irazuren hutsek, urdinen alde itxi zuten norgehiagoka.