Duela 18 urte Kronikan

Udazkeneko onddo kolpeak eztabaida piztu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 9a, 09:31

Onddo zuria. Geroz eta biltzaile gehiago ditu onddoak, gainerako perretxikoei bake gehiago ematen bazaie ere.

2006ko abenduaren 9ko Kronikan argitaratutako erreportajea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Onddo boladak eman ditu onenak, baina ez hausnarketarako gairik utzi gabe. Ultzama, Bertiz, Irati eta abarretako basoetako jende bilduek eta erremedioei buruzko ikuspuntuak gaia gori-gori jarri dute. Hernaniko Kronikak Urretxako eta Arantzadiko kideetara jo du, beren ikuspuntua jakin nahian. Hauek ere buru-belarri ari dira perretxikoen gaian oraintxe, urrian hasitako Hernaniko Mikologia Asteak asteazken, ostegun eta ostiralean izango baitu bukaera.

Perretxiko garaia azkenetan dela esango dute gehienek, nahiz eta beste batzuentzat “urte guztia den perretxiko bolada”. Aurtengo onddo kolpeak eragindako ika-miken aurrean, gaiari buruz dakitenengana jo dugu, nahiz eta berak “adituak ez, zaletuak” direla nabarmendu. Urretxa elkarteko Jexux Mari Irazu eta Arantzadi elkarteko Joxe Mari Zapirainekin hasi dugu hizketaldia (iritziak bere izenean eman dituela argitu digu Zapirainek), Sta Bar bara elkartean, eta geroxeago azaldu da Iñaki Luengo Urretxa elkartekoa hau ere.


Jende bilduak

Urri inguruan, Ultzaman, Bertizen eta Iratiko mendietan izan den onddo kolpeak jendea erruz bildu du eta zenbait lekutako herritarren haserrea piztu ere bai. Sarri askotan begirunerik ezak sortu du haserre hori (atakak ireki, belarra zapaldu, baratzetan sartu...), Zapirainen hitzetan “mendiko kultura” galdu delako hein haundi batean. Baina horrez gain, hainbeste biltzeak espezieengan izan lezakeen arriskua ere badabil hitzetik hortzera. “Perretxikoak oso txikiak direla biltzen ditu jende askok, hazten utzi gabe, eta horrek mizelioa zabaltzea galarazten du. Hori ez da egin behar” nabarmendu du Irazuk. Hala ere, espeziearengan beste faktore batzuk eragin txarragoa dutelakoan daude “kutsadura adibidez; ez dakigu kutsadurak zenbaterainoko eragina duen, baina perretxikoak oso sentikorrak direla bai”.


Erremedioa Foru Aldundiek

Zenbait lekutan dagoeneko badaude perretxikoetarako kotoak eta aurtengoa ikusita, badirudi Nafarroako beste zenbait menditan ere jarriko dituztela. Baina, oraingo koto moduak dirua ateratzeko helburua dutela uste dute hiru kideek eta erremedioak ez duela hori behar: “Kotoak udalek gestionatzen badituzte, helburua herrirako dirua ateratzea izango da. Hori goragotik gestionatu behar da, Foru Aldundi bidez adibidez, eta arazoari osotasun batean heldu behar zaio. Egunen batean ordaintzera iristen bagara, diru hori mendian inbertitu behar litzateke berriz ere. Horrela bakarrik zainduko ditugu mendiak eta perretxikoak” azpimarratu dute.


Onddoaz gain, perretxiko on asko

Onddoa da perretxikorik preziatuenetakoa gurean, eta biltzailerik gehien duena ere bai, dudarik gabe. Urretxa eta Arantzadiko kideek ordea, urte guztian biltzen dute perretxikoa “eta udazkeneko kolpea pasatzean, bakarrik ibiltzen gara mendian”. Izan ere garai bakoitzak bere perretxiko motak ditu, eta badira 2-3 hilabetean bakarrik ateratzen direnak ere. Jateko eta klasifikatzeko biltzen dituzte. Inork bere jakituria mugatua zabaldu nahi badu, eta perretxiko gehiago ezagutu, ez dauka zaila: Arantzadi elkarteak hileroko azken larunbatean irteera antolatzen du mendira eta irekia izaten da nahi duen guztiarentzat. Horrez gain, perretxiko bat bildu eta zalantza duenak ere urte guztian jo lezake Urretxa elkartera. Asteartero egoten dira Kale Nagusiko lokalean, Rioja taberna ondoan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Eta Arantza dira ere jo liteke: astelehenetan bildu ohi dira 19:00etatik 21:00 etara.


Intoxikazioak, gutxiago

Perretxiko txarrak eragindako intoxikazioak urtero izaten dira, baina aurten aurreko urteetan baino gutxiago izan dira. Poliki-poliki jendea ikasten ari da, nonbait, zein perretxiko diren txarrak. Hala ere, oraindik bada ondo ezagutu gabe jatera ausartzen denik, baina dagoeneko hildakoak izatea zaila da, “medikuntzan izugarri aurreratu daeta”. Intoxikazioen %90 Entholoma lividum edo Maltzurrarekin izaten da, Urretxa eta Arantzadiko kideek jakitera eman dutenez. Perretxiko hau udaberriko zizaren oso antzekoa da, eta beren hitzetan “txikia denean ia bereizi ezina jakitunentzat ere”. Horrez gain, beste perretxikoekin intoxikatzen denik ere bada, eta urtero izaten da bat edo beste Amanita phalloides arriskutsuarekin pozoitzen denik ere, perretxikotan pixka bat ibili den edozeinek ondo ezagutu arren.


Zenbait perretxiko on, ez hain on

Perretxikoak, berez, kutsadura bereganatzeko joera du eta zenbait espeziek besteek baino gehiago. Adibidez, mendiko txanpinoia bera, kontuz jateko gomendioa egiten dute osasun adituek eta galanperna ere urtean oso gutxitan jatea gomendatzen da. Horiek metal pisuak biltzeko joera dute nonbait eta asko janaz gero, osasunari gaitz egin liezaiokete. Baina, horrez gain, leku kontaminatuetako perretxikoak jatea ere arrisku tsua dela esan digute mikologia elkarteko hiru kideek, “kanpotik etortzen den perretxikoekin-eta kontuz ibiltzea komeni da, segun eta Europako zein lekutatik datozen, erradiazioa ekarri bailezakete”.

 

PERRETXIKOAK NOLA BILDU GOMENDIOAK
(mikologia elkarteek emandakoak)

Zuztar eta guzti bildu, azpi-azpitik aterata. Batetik perretxikoa ezagutzeko lagunduko du eta bestetik mizelioarentzat ere hobea da, zuztarra moztuz gero hortik hezetasuna sartzen baita behera.

Perretxiko zaharrak eta harrak jotakoak ez bildu, eta bilduko ez ditugunak dauden tokian utzi, ostikoz jo gabe.

Ale txikiak ez bildu, arriskuan jartzen baita bizirik irautea.

Ezagutzen ez diren perretxikoak ez bildu eta ez hautsi. Ezagutzeko helburuarekin 2 espezie baino gehiago ez bildu aldiro.

Ez bildu kopuru haundian, baliabide natural mugatua baita, eta basoarentzako beharrezkoa.

Basoan ahalik eta gutxien nabaritu dadila han ibili garela.

 

Perretxiko lista gorria


Mikologia gaietan nondik jo erabakitzeko eta elkarlanerako, Gipuzkoa, Bizkaia, eta Kantabriako mikologia elkarte nagusienak talde bat osatu dute, Joxe Mari Zapirainek azaldutakoaren arabera. Elkarte guzti hauen ordezkari nagusi Isabel Salcedo EHUko Biologia Doktorea da, berak koordinatzen baititu mikologia elkarte hauen azterketak. Biologo hondarribiarrak zenbait komunikabidetan esan berri duenez, azterketa bat egiten ari dira perretxiko espezieekin, eta arriskuan egon litezkeenekin “lista gorri bat” osatu nahi dute. Europan dagoeneko egina dute lista gorri hori, 33 perretxiko motarekin, baina estatu espainiarreko informazio oso gutxi biltzen du. Zapirainek argitu digunez, hemen urte bukaerarako egin nahi dute lista gorri horren lehenengo zirriborroa. Zirriborro horretan azaltzen diren espezieei jarraipena egin beharko zaie gero, eta epe ertainera osatuko litzateke lista gorri hori. Lista gorri horrek lurralde bakoitzeko informazioa emango luke eta kontserbaziorako zer lehentasun jarri behar diren zehaztu. Hala ere, Salcedok argi azaltzen du Europaren aldean oso atzeratuak gaudela hemen perretxiko gaian, eta oraintxe hasi dela zerbait egiten.

Esate baterako, Isabel Salcedok dio lista gorri hori Europako zenbait herrialdek erabiltzen duela, Sueziak adibidez.


Zenbait espezie urritzen

Salcedok argitu du zenbait espezie urritzen ari direla, baina ez hemen bakarrik, Europa guztian baizik. Horren erru nagusia daukate ekosistema desorekatzeak, basoak gaizki erabili izanak, ingurugiroaren kutsadurak eta zenbait espezie neurriz kanpo bildu izanak. Baina, hau horrela dela dioen azterketak falta direla dio biologo hondarribiarrak, administrazioak oso gutxi inbertitzen baitu horretan. Jakitunen esperientziak eta nor bere gogoz egindako jarraipenak dira orain arteko hemengo informazio iturri. Hala ere, geroz eta presio haundiagoa egiten ari omen dira Europatik, herrialdeek horrelako azterketak egin ditzaten.


Erremedioa, neurrian biltzea

Mikologia elkarteko kideek hala esan digute eta Salcedo berak ere azaldu berri du, geroz eta jende gehiago dela perretxiko biltzera joaten dena. Erremedioa neurrian biltzea dela uste dute, besterik ezean, biltzeko neurria jartzea. Bere hitzetan zentzuz bilduz gero ez legoke neurririk jarri beharrik, baina, neurri hori gainditzen ari da azken aldian.


Perretxikoak, basoan ezinbesteko

Perretxikoek duten funtzioaz gutxi hitz egiten da, baina, “basoak ia perretxikoei esker” funtzionatzen duela azpimarratzen du EHUko biologiako doktoreak. “Euskal Herriko zuhaitz eta landare guztiek mikorrizatuak daudelako funtzionatzen dute. Onddoei eskerrak lur eremu zabalagoa hartu dezakete zuhaitzek.

«Mikologia elkarteak aspalditik gaude negozioa egitearen aurka»


Oraingo arazoaren muinetako bat perre txikoekin egiten den negozioak du, miko logia zaletuen hitzetan. Be rak as pal ditik omen daude horren aurka eta joera hori bukatu ezean, neurriak denontzako jarriko dituztela uste dute.

Gaia labaina da, biltzaile bakoitzak bere ikuspuntua izango baitu. Baina, mikologia elkarteko kideek nahiko gar bi du te arazo honetan eragin haundia duela negozioak. “Mikologia elkarteak beti egon izan gara negozioa egitearen aurka. Aspalditik ari gara esaten honek horrela jarraitzen badu ondorioak denok nozituko ditugula eta orain ari gara ikusten lehenengo eraginak” azpimarratu dute. Izan ere, genero preziatua bihurtu da onddoa sukaldean eta prezio altua egiten du. Baina, mikologia elkarteen lana ez da salaketa horretara mugatzen, beren lan nagusia jendea hezten laguntzea da, laguntzea eta ejenploa jartzea.


Elkarteak adibide jartzaile

Azken urteetan asko ugaritu den beste kontu bat perretxiko erakusketena da, eta Hernanin ere izan berri da, Mikologia Astearen barruan. Adibidea jartze aldera, 150 espezietik gora ez dituzte jartzen dagoeneko erakusketetan eta Urre txarekin batera badira elkarte gehiago ere neurri hori hartu dutenak. Horrekin erakutsi nahi dutena da, bildu bai, baina neurrian bildu behar dela perretxikoa.


Mikologia Astea bukaeran

Urretxak antolatutako Mikologia Astea datorren astean bukatuko da, argazki lehiaketako argazkien proiekzioarekin. Azaroaren 13 eta 14an 20:00etan izango dira proiekzioak Biterin. Azaroaren 15ean, 19:30etan hasiko da proiekzioa eta 21:00etan egingo da sari banaketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!