Asteburu kaxkarra izan da bailarako futbol talde nagusientzat. Punturik batu gabe geratu dira hiru taldeak, jardunaldiko norgehiagokak galdu ondoren.
Ugao 3-2 Hernani
Ugaon jokatu zuen Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Uxue Navarroren golarekin aurreratu ziren hernaniarrak, baina azkarra izan zen bizkaitarren erreakzioa. Minutu gutxian 3 gol sartu zituen etxeko taldeak, eta Maialen Intxauspek 73. minutuan sartutako golak ez zuen markagailua iraultzeko balio izan.
Porrot honekin, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu da Hernani, 21 punturekin.
Hernani 1-3 Zumaiako
Lehenengo zati kaxkar batek baldintzatu zuen Ohorezko Erregional mailako mutilen partidua. Zumaiakoren bisita jaso zuen Hernanik, eta 1-3 galdu zuen. Lehenengo ordu erdia bete aurretik 0-3 aurreratu ziren zumaiarrak, eta bigarren zatian sartu zuen Xabat Etxandik berdeen gol bakarra.
Bolada txarrean dago Hernani, garaipenak lortzea kostatzen ari zaio, eta sailkapenean behera doa pixkanaka. Une honetan 14. postuan dago taldea, 13 punturekin.
Roteta 4-1 Mundarro
Etxetik gertu jokatu zuen Mundarroko lehenengo taldeak, Martutenen, Rotetaren aurka. Partidu txarra osatu zuten astigartarrek, hasieratik amaierara hobeto aritu ziren etxekoak, eta emaitzak islatzen du norgehiagokaren bilakaera. Luzapenera iristerako 4-0 zen markagailua, eta 93. minutuan sartu zuen Xabier Zufiriak Mundarroren gola.
Mundarrok jarraian galtzen duen hirugarren partidua izan da asteburukoa. Bederatzigarrenak dira astigartarrak, 14 punturekin.