Gaur, Euskeraren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta hainbat ekitaldi antolatuko dira Hernanin eta Astigarragan. Astigarragan adin guztietako pertsonei zuzendutako jarduerak egingo dira. Ekintza hauek Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatu dituzte elkarlanean: Astigarragako Euskaltegia, Xaguxar, Musika Eskola, Gazteleku eta Gure Izarra. Udalak eragileek egindako lana eskertu nahi du. Hernanin kantuz bazkaria, kalejira, irakurtaldi bateratua eta bingo musikatua antolatu dituzte Goiz Eguzkik, AEKk, Gu Geok eta Doberak.
Baina, Euskeraren Eguna ospatzearekin batera hausnarketarako tartea ere izaten da. Izan ere, euskeraren normalizazio eta biziberritze prozesua moteldu egin da azken hamarkadetan. Honela Hernaniko eta Astigarragako Udalek adierazpenak onartu dituzte.
Hiztunen kopurua zenbaki absolutuetan haundituz doan arren, hainbat gertakarik erakusten dute aurrerapen horren ahultasuna. Euskal Herri osoan gero eta gutxiago dira euskeraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak.
Astigarragan esaterako azken 20 urteetan euskeraren ezagutzak 5 puntu egin du gora, baina azken bi neurketen artean 7 puntuko jaitsiera gertatu da kaleko erabileran eta %30 ingurukoa da (10 elkarrizketatik 3 baino ez dira euskeraz).
Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko Hernanin
Euskeraren Egunaren harira, Hernaniko Udaleko EHBilduk, EAJk eta Elkarrekin-Podemos taldeek UEMAren adierazpenarekin bat egin dute:
«Euskeraren biziberritze prozesuak susperraldi egoera bizi izan du azken hamarkadetan, baina badira urte batzuk euskeraren egoera bidegurutzean dagoela entzuten hasiak garela. Euskeraren gaur egungo egoera zein den ulertzeko Iñaki Iurrebasoren doktore tesiak proposatutako ikuspegi berriak edota Euskaltzaindiaren gogoeta guneak ere argi erakutsi eta adierazi dute jauzi sendoak emateko unea iritsi zaigula.
Euskera bi hizkuntza hegemonikorekin talka egoeran dagoen hizkuntza gutxitua izanik, aldeko hizkuntza politikak egin beharra ezinbestekoa da euskerari eutsiko badiogu. Gainera, globalizazio egoerak, aldaketa demografikoek eta digitalizazioak, besteak beste, ez dizkigute errazten hizkuntza gutxituak indarberritzeko aukerak. Dugun errealitatea, euskeraren egiturazko arazoei heltzeko azken aukera izan daiteke. Jauzi berria emateko unea da, aurrerantz egiten ez badugu atzerantz egingo dugulako. Datuek horixe erakusten digute: euskal herritarren %13k erabiltzen du euskera erdarak baino gehiago; %8 aritzen da euskeraz erdaretan baino errazago; eta, transmisioari erreparatuz gero, Hegoaldeko haurren %17k jaso du etxean euskera nagusitasunez. Era berean, euskal herritarren %4 soilik bizi da euskera nagusi den eremuetan. Alegia, euskeraz normaltasun erlatiboz bizi daitekeen guneetan. Gainera, gune horiek ahultzen ari zaizkigu. Horrenbestez, ELEN Europako Hizkuntza Gutxituen sareak eta Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi berri duten bezala, guk ere euskera larrialdi linguistikoan dagoela adierazi nahi dugu.
Horrez gain, nabarmendu behar dugu, joera soziolinguistikoaz harago, epaitegietatik ere euskeraren aurkako neurriak hartzen jarraitzen dutela. Gure hizkuntzaren aurkako oldarraldian murgilduta jarraitzen dugu.
Horri guztiari aurre egiteko, inoiz baino gehiago, euskeraren aldeko neurriei tinko heldu behar diegu, eta jauzi haundi bat eman norabide egokian.
Eginkizun horretan berebiziko garrantzia dute arnasguneek eta udalerri euskaldunek, horiek erakusten dutelako posible dela euskeraz bizi den herria.
Hizkuntza guztiek behar dituzte beraiek nagusi diren eremuak, hizkuntza naturalki transmititzen den eremuak, hizkuntza garatu dadin, normalizatuz eta zabalduz. Horregatik, gune euskaldunek ardura dute jauzi berri hori irudikatzeko eta bide erakusle izateko. Guk erantzukizun hori geure egiten dugu, eta konpromisoa hartzen dugu zeharkako hizkuntza politika aurrerakoiak indartzeko.
Azken hamarkadetan euskera mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko bizi-indarra izango dugu. Olatu berria sortzeko unea orain da, eta olatu horren eragile izango da Hernaniko Udala ere».
ASTIGARRAGA
GAUR
16:30 Herri txokolatada haur eta helduentzat; horma irudirako eskulan tailerra haurrentzat Foru Plazan.
18:00 Kalejira Foru plazatik Kontxa Etxeberria plazara.
18:30 Irradaka soka dantza eta horma-irudi kolektiboa Kontxa Etxeberria plazan.
19:30 Euskaldungak euskaldunzahar eta euskaldunberri baten abenturak, umorezko saioa, Erriberan kulturgunean.
Herri eskolak, Kiriketa haurreskolak eta kiroldegiak ere hainbat ekintza antolatu dituzte.
HERNANI
GAUR
10:00-18:00 Euskararen kalejira AEKko ikasleekin, Tilosetatik abiatuta.
14:00 Goiz Eguzkik antolatuta Kantu Bazkaria Elur Txori elkartean. Betiko euskal abestien letrak banatuko dira.
17:45 Irakurtaldi betaratua Tilosetan.
BIHAR
18:30 Bingo musikatua, Biterin.