Arrasatera bertso gosez joan zena, ederki aseta aterako zen Uarkape frontoitik, igande arratsaldean. Harmaila bete-beteetatik gozatzeko modukoa izan zen Gipuzkoako Txapelketaren finalaurrekoetako azkeneko saioa, giroa behin baino gehiagotan lehertzeraino. Eta gozatu ederra hartu zuena, oholtza gainetik, Andoni Rekondo izan zen: hernaniarrak final haundirako txartela lortu zuen, sekulako ezustekoa emanda, bere aurreneko txapelketan. Aho zapore gaziagoa utzi zien saioak Agin Laburu astigartarrari eta Eñaut Martikorena hernaniarrari, ezin izan baitzuten koxka gainditu.
Hasierako agurrean erakutsi zuen Rekondok, amildegian jolasean aritzeko asmoz joan zela Arrasatera: «Ta guriak ingo badu, jolasten hilko gera gu». Martikorenak igandeko giroa 'arras ateri' zegoela baliatu zuen, hitz jolasa egin eta kaixo esateko 'Arrasateri'. Eta Laburuk umoretik jo zuen, esanez 2011ko eta 2019ko finaletan egon izanak bi gauza esan nahi dituela: «Alde batetik bitan pasia, berriz pasa daitekela; eta bestetik uste ez arren, ni ere zahartu naizela».
Rekondo eta Martikorena, bi lagunak elkarren ondoan
Zozketak erabakitako ordenean, hirugarren eta laugarren izan ziren Rekondo eta Martikorena, eta elkarren ondoan eseri ziren bi lagunak. Bukaerako agurrean aitortu zuen horren poza Martikorenak berak: «Gaur ze zortea zozketarekin, helduz Andonin ondora; hor aituko naiz Ilunbe alden, Andoni gora ta gora». Laburu, berriz, azkenekoa izan zen orden horretan.
Gauzak horrela, abestu ere elkarrekin egin zuten bi hernaniarrek, aurreneko ariketan. Nerabe baten guraso langabeen paperetik aritu ziren: semeak 500 euro eskatu zizkien ikasbidairako. Andonik defendatu zuen eman beharko lizkioketela, esanez semearen ikasbidaira joateko gogoa ondo ulertu dezakeela gaztea izan denak, «ze nik bertatik gordetzen ditut oroitzapenik onenak». Eñauten esanetan, berriz, beraien egoera ekonomikoa «desastrea» izanik, semeak «bidaiatzea baino hobea izango du ikastea».
Agin Laburuk Maider Arregirekin batera ekin zion saioari, eta kartzelatik atera berri diren bi preso politikoren azaletik aritu ziren, lan bila zebiltzala eta haien iragana kontatu edo ez zalantzan. Ezkutatzearen aldeko postura defendatu behar izan zuen astigartarrak: «Gosiak baino nahiago det nik, fatxa batentzat lanian»; edota «kontzientziak mundu honetan jatenik ez du ematen».
Zortziko txikiari heldu zioten ondoren, rola emanda; eta perla ederrak utzi zituen Andoni bizilagunak, Iñigo Mantzizidor 'Mantxi' postariarekin. Beretzat gaur ere kartarik ez zuela esan zion 'Mantxi'k, eta Andonik erantzun: «Egunean zenbat karta dauzkazu, hiru-lau? Zuk lana mantentzeak, horrek harritzen nau». Iberdrolaren edota Kutxaren kartekin, «berri txarren igorle» bilakatu dela ere esan zion, eta bazkarirako gonbitearekin bukatu zuen postariak, hitzekin jolasean: «Ez da menua izango, kartara izango da»; eta Andonik errematea, «ba faborez idatziz, eskatu ezazu».
Martikorena igarleak eta Laburu bezeroak elkarrekin osatu zuten zortziko txikikoa, umoretsu. Esku marra «oso oso laburra» zuela bota zion Eñautek, baina Aginek ez zuen ulertu kartetan «sega luze batekin» ageri zen pertsonaia: «Garaia ote dan ba, belarra mozteko». Bihotzaren kartari, berriz, maiteminaren itxura ematen zion Agini, eta bihotzekoak jota hiltzearena Eñauti. «Enula pagatuko igarriko zenun» bukatu zuen Aginek, kontsultatik kopetilun aterata.
Ganbaran seiko motzean aritu ziren elkarrekin Rekondo eta Laburu: Kooperatiba bateko bi lankide, enpresako kutxatik lapurtu izanaren susmoa gainean dutenak. Martikorena saioko irabazlearekin aritu zen horretan, Oihana Iguaranekin; eta haiek Osakidetzako bi langileren papera aukeratu zuten, lan karga haundiari ezin eutsi baliabide urriekin.
Berriro umore kontuetara bueltatuta, Andoni Rekondo Maider Arregirekin aritu zen puntutan, eta ariketa ederra osatu zuten, ikusleen txalo zaparradak bertsoaldi eteteraino. Gurasoei urrezko ezteietan zer oparitu pentsatzen, balnearioan txokolate bainu bat bururatu zitzaion Andoniri. Azkenerako erabaki zuten aitak hobea izango zuela alkandora bat, orain daukanak «ia mende erdia» bete baitu; eta amak, berriz, pakea: «balneariora bera bakarrik joatea». Eñaut Martikorena, berriz, 'Mantxi'rekin aritu zen, Durangoko Azokako standean sinatu eta sinatu. Eta zabor biltzaileen kamioitik abestu zuen Agin Laburuk, Iguaranekin, gaueko txanda hasi berritan. Bertsoaldi politak izan ziren hirurak, ikusleen barre algarak eraginez.
Euskarafobia, Israeli boikota eta ume lapurtuak, bakarkako lanetan
Saioa bukatzeko, kontu serioagoei heldu behar izan zieten bailarako hiru bertsolariek, bakarkako lanean. Alkate baten paperetik aritu zen Andoni, idazkaritzarako lan deialdiaren kontra helegitea aurkeztu duelako sindikatu batek, gehiegizko hizkuntza eskakizuna argudiatuta: «Nahiz ikusi nahiko luketen horixe dela barrera, gure etxean beti euskeraz egin behar da harrera» defendatu zuen aurreneko bertsoan, eta bigarrenean azaldu hau izan dela «gure kontrako enegarren erasoa». Euskarafobiaren aurrean, proposatu zuen «barrera» sortzea «euskaltzaleon artean».
Eñautek, berriz, Israeli boikota egiteko talde bat sortzeko deitzaleen paperean aritu zen, uste baino jende gutxiago elkartuta. Bere ohiko estiloari eutsiz, arrapaladan bota zituen hiru bertsoak, ideia indartsuak ekarrita: «Denek ezkerreko rola, hartzen dute sarri hola, ta gero ze deskontrola, jende danai bost ajola», ekin zion, eta auzi internazionala denok batera lantzeko eskaerarekin bukatu.
Aginek eman zion bukaera saioari, ume lapurtua dela jakin duenaren paperetik. Eskolan zuhaitz genealogikoa egiten ari zirela, etxean galdezka izan zuen horren berri: «Hori izan da galdera gehio sortu ditun erantzuna», aipatu zuen astigartarrak: «Nahiz ta zorretan sentitzen naizen attakin eta amakin, nundik natorren jakin ezean, nora noan ezin jakin».
Andoni Rekondo: «Sekulako poza daukat, lortu nuelako benetan ondo pasatzea emaitza jakin aurretik ere»
Arrasateko saioak «oso aho zapore goxoa» utzi zion Andoni Rekondori, «eguna gozatzea ere» bazuelako helburu, eta lortu zuelako: «Ez daukagu ohiturarik hainbeste jenderen aurrean abesteko, eta Tolosan hainbeste gozatu ez nuen bezala, Arrasaten nahi nuen horretaz kontziente izan. Gozatzera joan nintzen, jakinda finalerako ateak beti direla oso oso estuak; eta sekulako poza daukat, lortu nuelako benetan ondo pasatzea eta disfrutatzea, emaitza jakin aurretik ere». Ondoren, berriz, «gainezka» egin zioten emozioek: «Finalerako sailkatzea sorpresa haundia da, lehenengo txapelketa izanda. Ardura puntu bat ere badakar horrek, baina finalean kantatzea sekulako aukera puska da».
Aurreko saioan baino «lasaiago» sumatu zuen bere burua hasieratik, eta «bertsokideen laguntza» ere estimatzekoa izan zela nabarmendu du. «Poz haundia» hartu zuen aurreneko ariketan Eñautekin arituta: «Hilabeteak daramazkigu elkarrekin abesten, ordu luzez. Txukun aritu ginen biak, elkar erantzunda, eta lur hartzeko balio izan zigun». Gustura aritu zen hortik aurrera ere, baina ez zekien puntuak «nondik joan zitezkeen, eta alde gozoa tokatu zitzaidan».
«Taldeko lorpen» gisa sentitzen du finalerako txartela: «Udaberrian hasita, bide luzea da egin beharrekoa, eta oso garrantzitsua da nabarmentzea talde lana dela, astez aste bakarrik aritzea oso zaila delako. Niretzat oso garrantzitsua izan da taldean aritu, giro ona izan eta bertsoaren jolas izaera mantentzea. Benetan oso eskertuta nago bide honetan lagun izan ditudanei, bidean geratu direnek ere mantendu dutelako laguntzeko ilusioa eta gogoa».
Eñaut Martikorena: «Sentimendu nahaste-borraste batekin bukatu nuen saioa»
Finalaurrekoetan egindako lanarekin pozik agertu zen Eñaut Martikorena ere: «Gustura gelditu nintzen kantatutakoarekin. Uste dut osotasun haundiz erantzun nuela ofizioetan, eta egoki gehitu nituela ideia zein kolpe berriak ere. Bakarako lanarekin, berriz, are gusturago bukatu nuen», adierazi du.
Puntuazioak, ordea, ez zetozen bat berak izandako sentsazioekin: «Amorratu egin nintzen puntuazioak entzun nituenean, baina bestalde, Andoni finalean sartu izanaren poza neukan. Beraz, sentimendu nahaste-borraste horrekin bukatu nuen Arrasateko saioa».
Txapelketari bere osotasunean helduta, taldeko lana nabarmendu du berak ere: «Geratzen naiz entrenamenduekin, horiek maiz bihurtu diren hizketaldiekin eta igurtzi gaindosi honek ekarri digun lagunartearen indartzearekin».
Bertsotan 'marabillatua' jarraitzeko gonbitea Agin Laburuk, alabari
Aurtengo txapelketari agur esan beharraren penarekin bukatu zuen Arrasateko saioa Agin Laburuk, alabari eskainitako azkeneko agurrean esan bezala: «Attak latza hartu dik gaur makilakua». Baina gonbitea luzatu zion, berak ere bertsotan segi dezan «marabillatua, trentza hoiek bezela korapilatua».