Hasierako agurrean iragarri zuen Andoni Rekondok, gaurkoan Arrasaten bereak egingo bazuen, «jolasten hilko» zela. Jolastu baino gehiago ere egin du, ordea, eta balentria ikaragarria lortuta, finalisten zerrendan entzun du bere izena, saioaren bukaeran: 513,5 punturekin bigarren izan da gaur, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azkeneko finalaurrekoan, Oihana Iguaranen (519 puntu) atzetik; eta finalerako zortzi txarteletako bat eskuratu du hernaniarrak. Bere estreinako txapelketan, Ilunbeko final haundian ariko da abenduaren 14an. Umore finez aritu da gaurkoan, eta bereziki zortziko txikian eta puntutan jo du goia.
Agin Laburu astigartarrak eta Eñaut Martikorena hernaniarrak, aldiz, ezin izan dute koxka gainditu. Laburu laugarren sailkatu da, 499 punturekin; eta Martikorena bosgarren izan da, 482 punturekin.
Gauzak horrela, Andoni Rekondo izango da Urumea bailarako ordezkari bakarra finalean, eta honako zazpiak izango ditu lagun oholtzan: Oihana Iguaran bera, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe eta Aner Peritz 'Euzkitze'.
Arrasateko Uarkape frontoia bete-betea zegoela, maila ederreko saioa osatu dute bertsolariek, eta baita plaza lehertu ere, behin baino gehiagotan. Ikusleen artean, erraza zen bailarako aurpegi ugari topatzen, Hernaniko Bertso Eskolako kideei babesa emateko.