Argitu zituen kontu ugari larunbat arratsaldeko jaialdiak, Galarretan, Binakako Txapelketa Nagusiari dagokionean. Batetik, Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek lidertza sendotu dute, Javier Urrizari eta Iban Larrañagari bi set estutan irabazita. Eta beste partiduan, Imanol Ansak eta Aritz Juaneneak desenpatean irabazi zieten Beñat Segurolari eta Endika Barrenetxeari, baina pozak eta penak ez dira modu berean banatu: milagrorako aukerak agortuta, txapelketatik kanpo geratu dira Ansa eta Juanenea; eta aldiz, finalerako pase zuzena lortzeko aukera bere esku daukate Segurolak eta Barrenetxeak.
Izan ere, honela dago sailkapena: 14 punturekin lider dira Ezkurra eta Azpiroz, partidu bakarraren faltan; eta 10 puntu dauzkate Segurolak eta Barrenetxeak, baina oraindik bi partidu jokatzeko. Lidertzaren lehiatik erori dira Urriza eta Larrañaga, 9 punturekin, partidu baten faltan. Eta 6 punturekin bukatu dute ligaxka Ansak eta Juaneneak.
Datorren larunbatean, Segurola-Barrenetxea eta Urriza-Larrañaga ariko dira elkarren kontra, ligaxkako azkenaurreko partiduan; eta horrek balioko du jakiteko zein egoeratan iritsiko diren aizarnazabaldarra eta hernaniarra partidu erabakigarrira: Ezkurraren eta Azpirozen kontra jokatuko dute ligaxkako azkena, bi aste barru; eta horretan erabakiko da zein sailkatuko den finalera zuzenean.
Ederrak eta emozio haundikoak izan ziren larunbateko bi partiduak. Aurrenekoan, Segurolak eta Barrenetxeak ondo ekin zioten, lehenengo seta 9-15 irabazita, hernaniarrak aginte makila hartuta. Bigarrenean, ordea, bere maila onena berreskuratu zuen Ansak, eta partidua berdintzea lortu zuten gorriek (15-11), desenpatea jokatzeko. Oso lehiatua izan zen azkeneko hori, baina bosna berdindu ondoren, gorriek lortu zuten garaipena (8-5).
Ezin estuagoa izan zen bigarrena, eta 0-2 irabazi arren, tanto bakarreko aldearekin nagusitu ziren Ezkurra eta Azpiroz bi jokoetan: 14-15 eta 14-15.
Jabalera eta Apezetxea nagusi, bigarren mailakoan
Bigarren mailako txapelketan, berriz, Aimar Jabalerak eta Oier Apezetxeak 10-15 eta 9-15 irabazi zieten Julen Loitegiri eta Aritz Zubiriri, atzelari goizuetarren arteko lehian. Lau puntu horiekin, sailkapeneko bigarren postura igo dira irabazleak.