Bideoen bitartez euskerari arnasa ematen, bailarako eskoletan

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 1a, 00:00

Saritutako bideoen egileak, Bergarako sari banaketa ekitaldian.

Arnasa Gara ekimeneko bideo lehiaketan hartu dute parte Xalto, Txirrita, Langile, Aratz eta Hernani BHI eskoletako ikasleek.

 

Hirugarrenez antolatu dute Arnasetik bideo sormen lehiaketa, UEMAren Arnasa Gara ekimenaren baitan; eta Urumea bailarako eskoletako ikasle askok hartu dute parte, beraien lanak aurkeztuta. Zehazki, 21 bideo aurkeztu dituzte bailarako ikasleek.

Lehen Hezkuntzako 5 eta 6 mailetan, Hernaniko Langile ikastolatik zazpi lan aurkeztu dituzte, eta Aratz ikastolatik beste bat. Ereñotzuko Txirrita eskolan lau bideo sortu dituzte lehiaketarako; eta Goizuetako Xalto eskolan beste lau. DBH 1 eta 2 mailetan, berriz, bost bideo aurkeztu dituzte Hernani BHI institutuko ikasleek.

Lehiaketak inoizko parte­har­tzerik haundiena izan du aurten, 260 bideo jaso baitituzte antolatzaileek, Euskal Herriko 40 udalerri baino gehiagotatik. Joan den urtean 112 lan izan ziren aurkeztu zituztenak. Ostegunean egin zuten sari banaketa ekitaldia Bergaran, eta bailarako taldeek ez zuten saririk eskuratu: Berriatuako, Azkoitiko, Bergarako, Ondarroako eta Zaldibiko ikasleek eskuratu zituzten horiek. 

Edonola ere, ekimenaren helburu garrantzitsuena lortu dute denek: euskeraren arnasguneen garrantzia barneratzea eta gizarteratzea, beraien sormena piztea, eta hizkuntza ohituren inguruko gogoeta egitea. Arnasguneetan bizi diren ikasleei zuzenduta dago lehiaketa, 10 eta 16 urte bitarteko gazteei, aipatutako helburu horiek lortzeko asmoz. Kasu honetan, hernaniar, ereñotzuar, goizuetar eta aranoarrek ez dute hutsik egin zitara.

Lehiaketako bideo guztiak ikusgai daude interneten, arnasagara.eus webguneko '2024 Arnasetik' atalean. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!