Azkenaurreko zita izango du gaur Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak, Arrasaten: hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatuko da bertan, eta bi ordu eta erdi pasatxoko jaialdia bukatutakoan, definituta geratuko da abenduaren 14an Donostian abestuko duen zortzikotea.
Ilunbeko final horretan egon nahi dute Urumea bailarako hiru bertsolarik, eta gaurkoan egingo dute txartela lortzeko ahalegina, 17:00etan hasita, Arrasateko Uarkape frontoian: Agin Laburu astigartarrak, eta Andoni Rekondo eta Eñaut Martikorena hernaniarrek. Oholtzan lagun izango dituzte beste hiru bertsolari: Maider Arregi, Oihana Iguaran eta Iñigo Mantzizidor 'Mantxi'.
Finalera sailkatzeko faborito dira Laburu eta Iguaran, eta printzipioz, gainerako txarteletako bat eskuratzeko borrokan ariko dira beste lauak. Zenbaki dantza sartuko da jokoan orduan: gaurkoan hirugarren sailkatzen denak, nahikoa luke Aner Peritz 'Euzkitze'ren 512 puntuak gainditzea; laugarrenak, berriz, Eneritz Artetxeren 519,5 puntuak gainditu beharko lituzke finalera sailkatzeko. Gaurko saioko laugarren postutik atzera, ezinezkoa dirudi txartelik eskuratzea.
Laugarren finala luke Agin Laburuk, aurreko hiruretan bertan izan baitzen. Gainera, azkenekoan, 2019an, buruz burukoa ere lehiatu zuen Beñat Gaztelumendi txapeldunarekin. Eñaut Martikorena eta Andoni Rekondo, berriz, ezustekoa eman asmoz joango dira Arrasatera, bere aurreneko finalaren bila. Martikorenak finalaurrekoetara bitarte egin zuen bidea 2019an ere; Rekondok, ordea, estreinako txapelketa du aurtengoa.
Bailarako bertsolaririk ez dago oraingoz final haundirako postuetan, baina gaurko hiru hautagaiak babesteko asmoz joango dira bertsozale asko eta asko Urumeatik Arrasatera. Jendetza elkartuko da Uarkapen, eta finalaren atariko ohiko tentsioa ez ezik, giro beroa ere ziurtatuta dago.