Atzo hasi ziren esku pilotako binakako txapelketak, profesional mailan: Txapelketa Nagusia, zortzi bikoterekin; eta Serie B txapelketa, beste zortzirekin. Bigarren horretan ariko da Iker Salaberria goizuetarra, eta Andoni Gaskue izanen du bikotekide, atzeko koadroetan. Bitxikeria gisa, txapelketako bi txikienak dira (1,75 metroko altuera dute biek).
Gaur ekinen diote txapelketari Salaberriak eta Gaskuek, ligaxkako aurreneko partiduarekin. Eibarren jokatuko dute, San Andreseko jaialdi tradizionalean, arratsaldeko 17:15etan hasita. Darío Gómez eta Arkaitz Gabirondo izanen dituzte kontrario.
Bikote bakoitzak 14 partidu jokatu beharko ditu ligaxkan, lehiakide bakoitzaren kontra bi aldiz. Zortzi bikoteetatik, aurreneko seiek eginen dute aurrera, baina ez denek baldintza berdinetan. Aurreneko biak finalerdietara pasako dira zuzenean, eta hirugarren postutik seigarrenera bitartekoek play-offa jokatuko dute beraien artean, finalerdietara sailkatzeko. Ligaxka formatuan jokatuko dituzte finalerdiak ere, eta bi onenak ariko dira finalean, martxoaren 22an.
Maila haundiko txapelketa, puntako esku pilotariekin
Serie B Txapelketa izan arren, sekulako maila izanen du aurtengo torneoak, puntako esku pilotariek hartuko baitute parte. Esate baterako, txapelketa honetan ariko dira Lau t'erdiko Txapelketa Nagusia jokatu duten bost aurrelari: Iker Salaberria bera, Darío Gómez, Javier Zabala, Iker Larrazabal eta Iraitz Zubizarreta. Txapelketatik kanpo geratu direnak, bi esku pelotari astigartarrak dira: Hodei Exposito eta Ekain Lizeaga.
Gaurko bi bikoteez gain, honakoak dira beste seiak: Egiguren V-Bikuña, Zabala-Eskuza, Agirre-Ugartemendia, Senar-Eskiroz, Zubizarreta III-Morgaetxebarria, eta Larrazabal-Salaverri II.