Txandakako segidari eutsiz, Hernaniko mutilak izango dira asteburu honetan etxean jokatuko dutenak. Berdeek Zumaiakoren bisita jasoko dute Ohorezko Erregional mailan, gaur arratsaldeko 15:30etan hasita. Premiazkoa dute garaipena lortzea, azaro grixa argi pixka batekin bukatu eta beheko postuetatik aldentzeko: hiru berdinketa eta porrot bat pilatu dituzte hilabete honetan. Sailkapenean aurretik daukate Zumaiako, 16 punturekin; baina harrapatu egingo lukete gaur irabazita, 13 puntu baitauzkate hernaniarrek.
Euskal Ligako neskek, berriz, Bizkaia aldean jokatuko dute biharko partidua: Ugaoren kontra ariko dira, Arandia zelaian, eguerdiko 12:15etan hasita. Partidu polita izango da, pare-parean baitaude bi taldeak sailkapenean, seigarren eta zazpigarren, 21 punturekin. Joan den astean eten zuten bolada txarra berdeek, Lakuari irabazita; eta hiru puntuen bila joango dira Ugaora.
Etxetik kanpo, baina gertuago, ariko dira Mundarroko mutilak, Erregional Preferentean. Moreek Martutenen jokatuko dute gaur, arratsaldeko 17:30etan, Rotetaren kontra. Sailkapeneko goiko postuetan daude donostiarrak, hirugarren; baina ezustekoa ematen saiatuko dira astigartarrak, goiko alde horretara gerturatzeko: irabazita, puntu bakarrera izango dute Roteta.