Aurreko asteotan partidu bana jokatu ondoren, bi partidurekin bueltatuko da Binakako Txapelketa nagusia gaur Galarretara, arratsaldeko 16:30etan hasita: Segurola-Barrenetxea IV eta Ansa II-Juanenea ariko dira aurrez aurre, batean; eta Urriza-Larrañaga eta Ezkurra II-Azpiroz bestean. Bi partidu, kontuak argitzeko balio dezaketenak, edo sailkapena are gehiago korapilatzeko. Izan ere, lidertzaren lehia bizian daude Ezkurra II-Azpiroz (10 puntu, lau partidutan), Segurola-Barrenetxea IV (9 puntu, hiru partidutan), eta Urriza-Larrañaga (9 puntu, lau partidutan).
Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Beñat Segurola aizarnazabaldarrak pauso polita emango lukete gaur irabazita, ligaxkako aurreneko postua eskuratzeko bidean. Goiko beste bi bikoteen kontra ariko dira datozen bi asteotan, eta bere esku izango lukete finalera zuzenean sailkatzea. Gaurko kontrarioek, Ansak eta Juaneneak, bere azkeneko partidua jokatuko dute, milagro baten bila: bi setetan irabazi behar dute, eta aurreko bikoteren batek puntu negatiboa jaso dezala, bere aukera apurrei eusteko.
Beste partiduko lehia bizi-bizia izango da: irabazleak bete-betean jarraituko du lidertzaren lehian, eta galtzaileak finalerdia jokatzearekin konformatu beharko du ziurrenik.
Goizuetarren arteko lehia, bigarren mailakoan
Bi partidu horien aurretik, bigarren mailako txapelketako partidu bat ere izango da Galarretan, eta bi goizuetar izango dira aurrez aurre: Oier Apezetxea eta Aritz Zubiri. Jabalerarekin ariko da Apezetxea, eta Loitegirekin Zubiri. Ligaxkako hirugarren partidua izango da bi bikoteentzat, eta biek lortu dute garaipen bana orain arte. 4 punturekin daude Loitegi eta Zubiri, eta 3 punturekin Jabalera eta Apezetxea.