Hazilan+ proiektuaren baitan, 'Lorpen' programa jarri dute martxan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garapen agentziek eta erakundeak; tartean, Beterri Buruntza Mankomunitateak. Langabe kualifikatuei zuzendutako programa da 'Lorpen'; unibertsitateko, goi-mailako edota erdi-mailako ikasketak izan eta langabezian daudenei, alegia.
Hori horrela, bere barne hartzen ditu kasu desberdinak: ikasketak bukatu berri, enpresen arreta erakartzeko esperientzia nahikorik ez dutenak; langabezian geratu eta bere ezagutzak eguneratu nahi dituztenak; denboraldi batez zaintza lanetan aritu eta lan mundura nola bueltatu ez dakitenak...
Programaren helburua da langabe kualifikatu horien «trebetasunak hobetzen laguntzea, bilatzen ari zaren lana aurkitzeko». Izan ere, «laneratzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko» laguntza programa da, «kualifikazio maila ertain-altua izan arren langabezian dauden eta lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendua», nabarmendu dute.
Izena emateko eta informazioa jasotzeko, online edo Beterri Buruntza Mankomunitatean
Programan parte hartzeko interesa duten Urumea bailarako herritarrek, zuzenean jo dezakete Beterri Buruntza Mankomunitatera, informazio gehiago jasotzeko: enplegua@beterriburuntza.eus helbide elektronikora idatzi dezakete mezua, 943 24 45 23 telefonora deitu, edo Hernanin daukan egoitzara jo, Akarregi poligonoko 10garren zenbakira.
Online ere eskatu daiteke informazioa, Hazilan+ programaren webgunearen bitartez: hazilanplus.garapen.net.
Bi ibilbide aukeran, «enpresen benetako beharrekin konektatzeko»
Hazilan+ proiektuak proposatutako adar edo ibilbideetako bat da 'Lorpen' izenekoa, lana «zuzenean» aurkitzen lagunduko diena langabe kualifikatuei. Baina beste ibilbide bat ere jarri du aukeran, lana bilatzeko prestaketa moduko bat: 'Osatu' programa. Horrekin, taldeko tailerren bitartez aktibatzeko aukera eskaintzen diete langabeei, «lan merkatuan eskatzen diren gaitasun profesionalak eta pertsonalak eskuratzeko». Ibilbide hori osatzeko, enpresetan praktikak ere egin ditzakete partehartzaileek, norberaren «lanbide-profilaren araberako esperientzia erreala lortzeko».
Horren ondorengo pausoa izan liteke 'Lorpen' programaren ibilbidea hastea, baina zuzenean ekin diezaiokete bide horri, «'Osatu' programan parte hartzeko behar besteko prestutasunik ez dutenek, enplegu bat berehala eskuratzeko beharrezko trebetasunak egiaztatzen dituztenek, edota Euskaditik kanpo bizitzen ari eta etxera itzuli nahi dutenek».
Hazilan+ programaren bi ibilbideekin, «enpresen benetako beharrekin konektatzen» lagundu nahi diete partehartzaileei, «enpresak bilatzen ari diren hautagaia bihur daitezen». Horretarako, tailer praktikoak eta enpresetako esperientziak uztartuko dituzte, «komunikatzeko, taldean lan egiteko eta arazoak konpontzeko gaitasunak hobetzeko, lan merkatuan lehiakorra izateko funtsezkoak direnak», azaldu dute.