Doako eta euskerazko ikastaro sorta prestatu dute Mimukaik eta Rodoiak, Nafar Lansarearen laguntzarekin, enpresa kudeaketari eta marketinari buruz. Herenegun bukatu zuten aurrenekoa, lan kontratazioa landu duena hiru astez; eta beste hiru ikastaro eskainiko dituzte urtarriletik ekainera bitarte, Leitzako Mimukai garapen zentroaren egoitzan: Landa industrialdea, Suizpi 3. Horietarako, zabalik dago izenematea: comercialnavarra@rodoia.com helbide elektronikora idatzi behar dute interesatuek, edo 690 981 219 telefonora deitu.
Urtarriletik martxora, ekintzaileentzako marketin planari buruzko ikastaroa
Urtarrilaren 14an hasiko da hurrengo ikastaroa: ekintzaileentzako marketin plana landuko dute, merkaturatzean eta salmenten aurreikuspenean arreta jarrita. Martxoaren 6ra bitarte luzatuko da, eta astearte eta ostegunetan eginen dituzte saioak, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. 32 orduko ikastaroa izanen da, guztira.
Enpresaren zerga kudeaketari buruzko ikastaroa, berriz, martxoaren 11n hasiko da, eta maiatzaren 22an bukatu. Kasu horretan ere, astearte eta ostegunetan izanen dira saioak, 18:00etatik 20:00etara; eta 42 orduko iraupena izanen du.
Eta ikasturte honetako azkeneko tailerra, marketin zuzenari eta bezeroen fidelizazioari buruz eginen dute, maiatzaren 27tik ekainaren 26ra, aurrekoen ordutegi berean: astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara. 27 ordu izanen dira denera.
Esan bezala, doakoak izanen dira hiru ikastaroak, eta interesa duten guztientzat irekiak. Aurten aurrenekoz eskainiko dituzte ikastaro guztiak euskeraz.