Azaroko ohiko plenoak, ezohiko egoera ekarri zuen Hernaniko udaletxera, asteartean: adostasun haundiarekin onartu zituzten 2025ko udal aurrekontuak. Aldeko botoa eman zuten EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek, eta abstenitu egin zen PSE-EE. Lau udal taldeek nabarmendu zuten negoziaketetan izandako «sintonia ona», eta oposizioak egindako ekarpen asko txertatu dituzte aurrekontu proiektuan.
Ezohikoa izan da udal aurrekontuari behin behineko onarpena azaroan ematea bera ere. Hori horrela, aurrekontua jendaurrean ikusgai jarri eta herritarren ekarpenak jaso ondoren, abenduan emango zaio behin betiko onarpena, urtea aurrekontu definitiboarekin hasteko, aurreko urteetan ez bezala.
Urriaren bukaeran aurrekontu proiektua aurkeztu ondoren, azaroaren 14ra arte jaso zituzten oposizioko alderdien emendakinak, eta negoziaketetan aritu dira plenoaren egunera bitarte. 42.653.000 euroko aurrekontua izango du Udalak 2025ean, aurtengoa baino %11 haundiagoa. Horietatik, 18,4 milioi euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren udalen funtsetik jasoko ditu, aurten baino %2,9 gehiago.
Udal taldeen emendakinetatik eratorrita, guztira 246.000 euroko aldaketak egin dituzte aurrekontuan, arlo askotakoak. EH Bilduk eta EAJk adostu dute, esate baterako, hondakinen prebentzioan aurrerapausoak emateko lan mahai bat osatzea: «Eztabaida ez da izango egungo ereduaren inguruan, baizik eta hobetzeko aukeren inguruan. Zero zabor filosofiari jarraituz, errefusa gutxitzeko pausoak landuko dira», argitu dute. Era berean, jeltzaleek proposatuta, Kaxkoan erabiliko dute Udalak datozen asteotan eskuratuko duen kale-garbigailu berrietako bat, elektrikoa; eta horrek ez badu soinua apaltzen, aztertuko dute beste ordutegi bat posible ote den garbiketarako. EAJren ekarpenez aztertuko dute Goiz Eguzki azpiko pista adinezkoentzako erabilera anitzetarako baliatu daitekeen, Elizatxo eta Kaxkoa lotuko dituen igogailuaren sarbide gisa. Eta baita Zinkoeneako zati bat peatonala egiteko aukera ere, Kutxatik Anexo elektrogailu dendara bitartekoa.
Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak azaldu zuen «sorpresa atsegina» hartu zutela, udal gobernuaren «akordiorako prestutasuna» ikusita; eta «baldintza egokiak» eman direla aurten, jeltzaleek aurrekontua babesteko.
Elkarrekin Podemoseko Jaione Aristregik, bere aldetik, nabarmendu zuen beraien 10 emendakinetatik bederatzi onartu dituela udal gobernu taldeak, osorik edo partzialki. Alderdi moreak proposatuta, aztertuko dute bizikletentzako eta patinentzako pump track zirkuitu bat eraikitzea: hori kokatzeko eremu egokia bilatuko dute, eta proiektua gauzatu, baldin eta 80.000 euroko aurrekontua gainditzen ez badu. Elkano eta Latsunbe arteko bidegurutzea naturalizatzeko modua ere aztertuko dute, 50.000 euroko partidarekin. Katuetxe elkartearentzako laguntza ere eskatu du Podemosek, eta haientzat lokal bat bilatzeko konpromisoa hartu du gobernu taldeak. Bankuak eta barandillak margotzea ere eskatu du alderdi moreak, eta kale garbiketa indartzea. Era berean, Lizeaga auzoko hoditeriaren berritzea, 2024an egitekoa zena, lehenbailehen egitearen garrantzia nabarmendu du.
PSE-EEren hainbat proposamen ere txertatu dituzte udal aurrekontuan. Horietako bat da Sagastialde berrurbanizatzeko aurreproiektu bat egitea. Horrekin batera aztertuko dute Sagastialdeko autokarabanen aparkalekuaren funtzionamendua ere. Sozialisten ekarpenez egingo dute, baita ere, arratoien aurkako eskuhartze berezi bat herrian. Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaileak akordioetan jarri zuen azpimarra plenoan: «Ez daukagu proiektu politiko bera, baina horrek ezin du ekidin akordioak lortzea, eta aurrekontu hauetan lortu dugu. Desberdintasun politikoak dauzkagu, funtsezkoak direnak, eta horrek galarazten digu aldeko botoa ematea; baina izandako sintonia ona nabarmendu nahi dugu».
2025erako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda ere, onartuta
Hernaniko Udalaren aurrekontuarekin batera, Ereñotzuko Auzo Udalarena ere onartu zuen plenoak, baina ez zuten xehetasunik eman horren inguruan.
Boto banaketa berberarekin onartu zuten 2025erako Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda ere. Eta aho batez onartu zuten aldaketa egitea Hernaniko hirigintza-planeamendurako arau subsidiarioen berrikuspenaren testu bateginaren katalogoan.