Ezezko ozena, indarkeria matxistari

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

Kazerolada ibiltaria egin zuten Hernanin, Koordinadora Feministak deituta.

Morez jantzi eta aldarrikapenez bete ziren Urumea bailarako txokoak atzo, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean. Guztion ekimena ezinbestekoa dela nabarmendu dute, aurrerapausoak emateko.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean, kaleak eta plazak morez jantzi eta aldarrikapenez bete zituzten bailara osoko herritarrek, eragileen deialdiei erantzunez. Indarkeria matxistaren kontrako borrokak atzokoa izan zuen aldarri ozenena, urtero bezala; baina borroka horrek gaurtik aurrera ere beharko du zeinek eutsi eta zeinek tira, aurrerapausorik emango bada. Eta bide horretan, gizarte osoaren inplikazioa eta ekimena beharrezkoa dela nabarmendu dute. Hala adierazi du, herritarrak modu zuzenean interpelatuz, aurtengo mobilizazio gehienen leloak ere: 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara'. Atzokoan, behintzat, ehunka lagun batu ziren borrokara, Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun, Aranon eta Goizuetan deitutako ekitaldietan. Zartagi eta kazuelak astinduz, txistuak joz, sua piztuz edota ahotsa ozen altxaz, ezezko indartsua eman zioten indarkeria matxistari.

Azaroaren 25arekin lotutako ekintzak gaur bukatuko dira Astigarragan: genero indarkeriak seme-alabengan duen eraginaz ariko da Sortzeneko Sheila Melcon Lopez, 18:30etan Emakumeon Etxean. Bihar, berriz, Ereñotzun izango da hitzordua: 'Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu' saioa eskainiko du Parean elkarteak, 19:00etan Auzo Udaleko areto nagusian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!