Hernaniko neskak izan dira garaipena lortu duen talde nagusi bakarra

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 26a, 00:00

3-0 garaitu dute Lakua. Hernaniko mutilek bana berdindu dute Urolaren aurka eta Mundarrok 0-3 galdu du Santo Tomas Lizeoaren aurka.

 

Kolore guztietako emaitzak izan dira asteburuan, talde nagusien partiduetan. Euskal Ligan garaipen erosoa lortu zuen Hernanik Lakuaren aurka. Neskak garaipenaren bidera itzuli dira azken hiru jardunaldietan garaipena lortu ezinda ibili eta gero. 

Beste behin Cesia izan zen Hernaniren jokalaririk azpimarragarriena bi golekin. Markagailua ireki zuen goleatzaile hernaniarrak 23garren minutuan eta partidua erabakita utzi zuen, bigarren zatiko 60garrenean. Azken eta hirugarren gola Elene Lujanbiok sartu zuen 79garren minutuan. Garaipen honi esker Hernani zazpigarren postura igo da sailkapenean.

 

Garaipenaren zaporea izan zuen Argixaon berdinketak

Mutilen Ohorezko Erregional mailan Hernanik banako berdinketa lortu zuen Zumarragan, Urolaren aurka. Berdinketa beti da ona etxetik kanpoko neurketetan. Gainera, berdinketak garaipenaren zaporea izan zuen Argixaon jokatutako partiduan. Hamar minuturen faltan etxekoak aurreratu ziren, baina 92garren minutuan iritsi zen hernaniarren berdinketaren gola. Eneko Segurak lortu zuen puntu banaketaren gola. 

Gorengo mailan Mundarrok 0-3 galdu zuen Santo Tomas Lizeoaren aurka. Lehenengo zatian ongi eutsi zioten moreek liderrari eta berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Aldageletatik bueltan donostiarrek berehala sartu zuten lehendabiziko gola eta hortik aurrera nagusi izan ziren bigarren zati guztian zehar. 62garren minutuan iritsi zen 0-2koa eta 20 minuturen faltan sartu zuten hirugarren eta azken gola. Saiatu ziren astigartarrak golen bat sartzen, baina ezin izan zuten.

 

Alertaren ondorioz, partidu asko bertan behera

Igandean haizeak sortutako alerta laranjaren ondorioz, partidu asko bertan behera geratu ziren. Larunbatean pasa zuten abisua eta infantilen eta alebinen partiduak bertan behera geratu ziren. Beste mailetako asko ere ezin izan ziren jokatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!