Iritsi da kaleak hartzeko eguna, indarkeria matxistaren aurka elkartu eta mobilizatzeko eguna. Azaroaren 25a Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta bailarako emakumeak egun hau antolatzeko lanetan ibili ostean, iritsi da mobilizazio ordua. Asanbladak, hitzaldiak, propaganda, solasa, ... denetarik izan da hilabete hauetan eta orain emakumeen aldarriak kalera ateratzeko ordua iritsi da.
Hernaniko Koordinadora Feministak kaleratutako infografia indarkeria matxistaren errealitate gordinaren beste adierazle garbi bat da, izan ere, iazko urteko datuak kezkagarriak dira: «bi kasutan gertatu zen indarkeria sexuala, 13 kasutan indarkeria fisikoa eta 15 kasutan psikologikoa». Ez dute ausaz esaten: «Etengabe salatzen duguna berresten dute datuek: indarkeria matxistak milaka aurpegi dituela; eraso sexualez haratago indarkeria sistema konplexua eta anitza dela, alegia», azaldu dute Koordinadora Feministako kideek. Bestalde, kasu gehienetan erasotzailea gertuko pertsona bat dela gaineratu dute: «Gehienetan bikotekidea edo bikotekide ohia da erasotzailea». Gaur, «gure haserrea eta ezinegona» adierazteko eguna dela gogoratu dute.
Astigarragan adingabeengan jarri nahi izan dute arreta Emakumeon Etxeak, Udalak, Gazte Asanbladak, Xaguxarrek eta Gaztelekuak, elkarlanean. Izan ere, 2023ko datuen arabera, «Astigarragan indarkeria matxista jasan zuten emakumeen %75ak adingabeak dauzka ardurapean». Kezkatuta agertu dira indarkeria matxistak «haur nerabe eta gazte horien ongizatean daukan eraginarekin». Datuak argiak dira: 14 indarkeria matxista kasu aurten, soilik Astigarragan, azaldu du Udalak.
Gaurko hitzorduak
Astigarragan, Hernanin, Aranon, Goizuetan eta Ereñotzun elkarretaratzeak eta mobilizazioak daude gaur eguerdi eta arratsalderako.
Hernanitik hasita, Buruntzaldea mailako mobilizazioa deitu du Itaiak, arratsaldeko 18:30etan Plazan, 'Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!' lelopean. Jarraian, ekitaldia egingo dute Urnietako Zaldundegi plazan, 19:30etan. Ondoren, Hernaniko Koordinadora Feministak kazerolada ibiltaria antolatu du, arratsaldeko 19:00etan Hernaniko Plaza Berritik abiatuta, 'Ez bazara konponbidea, azaroa zara' lelopean.
Astigarragan eguerditik hasiko dira ekintzak. 12:15etan elkarretaratzea egingo da Astigarragako udaletxearen aurrean. Arratsaldeko lehen orduan, 16:45etan haur eta nerabeentzako txapa tailerra egingo da, Erribera kulturgunearen kanpoaldean. Eta, azkenik, Emakumeon Etxeak antolatutako manifestazioarekin amaituko dituzte ekintzak, Erribera kulturgunetik abiatuta: 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara'.
Ereñotzun ere bat egingo dute indarkeria matxistaren aurkako aldarriekin, eta gaur arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua Kalituzar guraso elkarteko kideek, Ereñotzuko plazan 'Sua piztu eta indarkeria itzali' lelopean.
Goizuetan ere arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, eta kalejira morea egingo dute, 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara' lelopean (arropa morea eramateko deia egin dute). Ondore, txokolatada egingo dute.
Azkenik, Aranoko herrian ere elkarretaratzea egingo dute Kontzejuaren atarian arratsaldeko 18:30etan, eta ondoren, afari-merienda antolatu dute elkartean.