Tokiko hedabideen indarguneak eta erronka berriak argitara, Tokikom Sarien ekitaldian

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Tokikom Sarietako irabazle eta finalista guztiak, atzoko ekitaldian, Artikako kultur etxean.

Atzo egin zuten ekitaldia, Artikako kultur etxean; eta euskalgintzaren eta tokiko hedabideen orainaz eta etorkizunaz aritu ziren, aurtengo sariak banatu ondoren: Guaixek, Uztarriak eta Antxeta irratiak jaso zuten errekonozimendua.

Artikako kultur etxea izan zen atzo Euskal Herriko tokiko komunikabideetako langileen elkargunea. Bertan egin zuten Tokikom Sarien banaketa ekitaldia, eta bilkura aprobetxatuta, etorkizuneko erronkei buruz hitz egin zuten goizean zehar. 

Kronika 'Edukirik onena' sariko finalistetako bat zen, eta garaikurrik lortu ez zuen arren, epaimahaikideen errekonozimendua jaso zuen ekitaldian. 2023ko azaroan argitaratutako bizikidetzaren erreportajeagatik izendatu zuten Kronika, ondorengo arrazoiengatik: «Gaira hurbiltzeko sentsibilitatea eta bizikidetzaren arantzak kudeatzeko modua ongi jasota geratu dira testuan. Hitzetara oso ondo ekarri dituzte pertsonen bizipen latzak eta elkarrekin aurrera egiteko nahiak».

Guztira hiru sari banatu zituzten Artikan: Edukirik onenaren saria Uztarriak irabazi zuen, Azpeitiako azken familia inprenta ixtean egindako erreportajeagatik; Azalik onenaren saria Guaixerentzat izan zen, 'Matxismoa ari du' izenburupean argitaratutako aleagatik; eta Ikus-entzunezko edukirik onenaren saria Antxeta Irratiak irabazi zuen, migrazioaren gorabeherak lantzen dituen 'Uhin inklusiboak' lan multimediarekin. Erakunde publikoetako ordezkarien eskutik jaso zituzten sariak: Jabier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendaria; Jokin Azkue, Eusko Jaurlaritzako HABEko zuzendaria; eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. Euskerazko tokiko hedabideen lana balioan jarri eta elkarlanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi zuten hiruek.

 

Euskera, antolaketa eta  komunitatea, eztabaidagai

Sari banaketa egin ondoren, tokiko komunikabideen etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko tartea izan zen. Euskera, antolaketa eta komunitatea izan ziren landutako hiru ardatzak, eta arlo horietan adituak diren hizlariek eskaini zituzten gakoak. 

Jon Sarasua HUHEZIko irakasleak, hasteko, euskalgintzaren eta euskerazko tokiko hedabideen erronketan jarri zuen azpimarra, eta nabarmendu zuen euskeraren arloan ez dugula aurrera egingo «orain arte egin duguna egiten jarraitzearekin». Azaldu zuen 80ko hamarkadan ETB sortu zeneko ikuspegiak dagoeneko ez duela balio, eta panorama aldatu egin dela. Horren aurrean, uste du «euskerazko eskualdekako hedabideek» hartu behar dutela lidergoa, eta horren adierazle jarri zituen euskerazko hedabideek interneten dituzten bisitak: «erdia baino askoz ere gehiago dira tokiko hedabideek jasotzen dituzten bisitak».

Ondoren, AEKk azkeneko urteotan burutu duen hausnarketa prozesu sakonari buruz aritu ziren Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia, eta haiek ere nabarmendu zuten ez dela aukera bat gauzak orain arte bezala egiten jarraitzea. Antolaketaren eta ardura banaketaren garrantzia azaleratu dute prozesu horretan, aurrerapausoak emateko.

Eta bukatzeko, elDiario.es hedabide digitaleko Ramón Argelinak hartu zuen hitza. Fidelizazio saileko zuzendaria da bera, eta bazkideen garrantziaz aritu zen agerraldian, hori baita elDiario.es-en tresna nagusia, kazetaritza independentea egiteko bidean. Era berean, hedabide digitalaren ikuspegia ere azaleratu zuen, nabarmenduz garrantzitsua dela barruan errelato bat sortu eta lantalde osoak bere egitea; taldeak ikuspegia konpartitu eta barneratzea. Inplikazio edo parte sentitze hori bilatzen dute bazkideen artean ere, proiektuaren bidelagun eginez: erabaki garrantzitsuenetan bozkatzeko aukera emanez, promozio eta eskaintza bereziak eginez, gertuko tratua eskainiz...

Eduardo Galeanoren esaldi batekin eman zion bukaera ekitaldiari: «Jende txiki askok, toki txikietan, gauza txikiak eginez, mundua aldatu dezake». Tokiko hedabideen jardunera ekarri zuen esaldia, txikitasunetik asko egin baitezakete. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!