Hilabete zaila ari da izaten azaroa Hernanirentzat, nesken Euskal Ligan. Puntu bakarra lortu dute jokatutako hiru partiduetan, bi porrot eta berdinketa bat pilatuta. Horri buelta ematen saiatuko dira asteburu honetan, aukera egokia baitaukate etxean: Lakuaren bisita jasoko dute Zubipen, bihar arratsaldeko 18:00etan.
Sailkapenean nabarmen beherago dago talde gasteiztarra, aurreko astean garaipena lortu arren; eta berdeak dira hiru puntuak lortzeko faborito, bere maila onena emanez gero. Azkeneko hiru partiduetan garaipenik ez lortu arren, sailkapenaren aurreneko erdian daude hernaniarrak, zortzigarren; eta bi puntura daukate Eibar bosgarrena. Berriro emaitza onak kateatuta, gora egiteko aukera daukate datozen partiduetan.
Mutilen Ohorezko Erregional mailan, berriz, Zumarragan dauka hitzordua Hernanik, asteburu honetan. Urolaren zelaian jokatuko du gaur, arratsaldeko 16:00etan, Argixaon. Nesken antzekoa da mutilen kasua ere, ez baitute garaipenik lortu azaroan, bi berdinketa eta porrot batekin. Sailkapenean oso paretsu daude Urola eta Hernani, eta garrantzitsua izango da garaipena lortzea, beheko postuetatik aldentzeko.
Mundarro etxean bihar, Santo Tomas Lizeoaren kontra
Zarkumendegira bueltatuko dira Mundarroko mutilak, Erregional Preferentean. Moreek bihar arratsaldean jokatuko dute, 16:00etan hasita; eta Santo Tomas Lizeoa izango dute bisitari. Ez daukate kontrario makala, sailkapeneko hirugarrena baita talde donostiarra, 18 punturekin. Baina, era berean, aukera polita izango da astigartarrentzat, goiko postu horietara gerturatzeko: zazpigarren dira une honetan, 14 punturekin. Duela bi aste, Orioko hartu zuten mendean etxean, eta beste horrenbeste egin nahi dute bihar.