Indarkeria matxistaren kontra batzeko unea: «konponbidea ez bazara, arazoa zara»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Azaroaren 25ean, Erriberatik Emakumeon plazara egingo dute manifestazio zaratatsua Astigarragan, aurten ere.

Astelehena izango da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, eta bailara osoan antolatu dituzte aldarria ozen zabaltzeko mobilizazioak: «Indarkeria matxista ukatzea, haren alde egitea da», adierazi dute. Horren aurretik, gaur eta bihar ere izango dira ekintzak.

Errealitate gordinak hala behartuta, mobilizazio eta ekintza askoren garaia izaten da hau, Euskal Herri osoan bezalaxe, baita Urumea bailaran ere. Datorren astelehena da azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna. Eta aurtengoan, aldarria inoiz baino ozenagoa izatea nahi dute bailarako herritar eta eragileek: denak indarkeria matxistaren kontra batzeko unea dela aldarrikatu dute, «indarkeria ukatzea haren alde egitea delako».

Ideia horretan bat egin eta sakondu dute eragileek, aurtengo eguna gerturatu ahala. Emakundek, esaterako, aurtengo kanpainan salatu ditu indarkeria matxista ukatuz zabaltzen diren mezuak: «Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da», «Indarkeriak ez du generorik», edota «Beste herrialde batzuetan dago matxismoa, ez hemen», besteak beste.

Arreta «gurean» jartzeko deia egin du Hernaniko Koordinadora Feministak

Ideia horrekin egin dute bat, Urumea bailaran antolatutako mobilizazioek. 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara' leloa izango dute, astelehenean bertan, Goizuetan egingo duten kalejirak, 18:00etan plazan hasita; Astigarragako Erribera kulturgunetik 18:30etan abiatuko den manifestazioak; eta Koordinadora Feministak Hernanin 19:00etarako deitu duen kazerolada ibiltariak, Plaza Berritik abiatuta.

Koordinadora Feministak nabarmendu du, «urteetako lanari esker» sartu dela indarkeria matxistaren aurkako eguna denon agendetan, baina arriskua dagoela «urteroko manifestazioan ia-ia inertziaz parte hartzen dugun efemeride bilakatzeko». Horregatik, «bakoitzak urrats bat gehiago» emateko deia egin dute aurtengoan. «Mugimendu feministak kontsentsu zabala lortu du gizartean, indarkeria matxista plazaratu, ikusarazi eta arbuiatzeko. Azken urteetan ikusi dugu, besteak beste, indarkeria mota hau definitu, kontabilizatzen hasi eta legeen bidez tipifikatu dela, administrazio publikoa ari dela baliabideak jartzen indarkeria kasuak artatzeko, edota mugimendu feministaren manifestazio zein deialdietan jendetza elkartu garela. Norabide honetan, gizartean ere aurrerapausoak eman direla esan genezake. Parrandetan erasoak identifikatzen ditugu, aurre egiteko protokoloak diseinatu ditugu...», azaldu dute.

Baina diote «uste faltsu bat» ere zabaldu dela neurri horiekin batera, «sistema zis-heteropatriarkal honek sinestarazi nahi izan diguna: indarkeria matxista gainditu dugula, denok identifikatzen dugula, inork ez dugula onartzen, irmoak garela horrelako kasuen aurrean. Eta horrekin lotuta, beste uste bat ere oso oso zabalduta dago gurean: halako gauzak urrun gertatzen direla, gurean ez behintzat; erasotzaileak ez daudela gure familian, lagunartean, koadrila-komunitatean, ez Hernanin... Edo agian bai, badaude, baina ez 'gurean', gurean ziur ezetz. Lasai joan ohi gara manifestazioetara, gurean ez dauden erasoak salatzera».

Horregatik, «gurean» jarri nahi izan du arreta Hernaniko Koordinadora Feministak, aurten: «Hernaniko Udalak gainerako instituzioekin harremanetan artatu dituen kasuen txostenetara jo dugu, eta datuek gure alarma guztiak piztu dituzte, haserrearazi gaituzte eta herri mailan datu horiek partekatzea ezinbestekoa iruditu zaigu». Horretarako sortu dute infografia, herriko kaleetan zabaldu dutena. Salatu dutenez, 2017 eta 2023 urteen artean 203 kasu ezberdin artatu zituzten Hernanin: «Joan den urtean, esaterako, 32 emakumek jo zuten indarkeria matxista salatzeko baliabideren batera. 32 emakume hauek, bizi duten indarkeriaren urrats bat ematea erabaki duten pertsonak dira; zenbat ote gara oraindik salatzera edo laguntza eskatzera ausartu ez garenak? Uste dugu kasu hauek guztiak 'izebergaren punta' besterik ez direla, eta datu eta zenbaki askoz ere lazgarriagoak liratekeela Hernanin bizi ditugunak», adierazi dute.

2023ko datuak xehetuz, indarkeria motan jarri dute arreta: bi kasutan gertatu zen indarkeria sexuala, 13 kasutan indarkeria fisikoa, eta 15 kasutan psikologikoa. «Etengabe salatzen duguna berresten dute datuek: indarkeria matxistak milaka aurpegi dituela; eraso sexualez harago indarkeria sistema konplexua eta anitza dela, alegia». Nabarmendu dute, gainera, kasu gehienetan (27) bikotekidea edo bikotekide ohia zela erasotzailea, eta soilik bi kasutan ezezaguna: «Erasotzailea gure ondoan duguna da, gure laguna, bikotekidea, senidea...». Adinari dagokionez, kasuen erdia dira 21 eta 40 urte artekoak, eta ia beste erdia 41 eta 64 urte artekoak. Kasu bakarra da 65 urtetik gorakoa. Horregatik diote, indarkeriak ez daukala adinik, eta «belaunaldi gazteetan helduetan bezainbat kasu» gertatu direla Hernanin.

Horregatik guztiagatik, kazerolada ibiltariarekin bat egin eta «gure haserrea eta ezinegona» adierazteko deia luzatu dute, baina baita «urrats bat gehiago» ematekoa ere: «Zenbat indarkeria kasu bizitzen ari ote gara Hernanin? Benetan ez dugu gure inguruan halakorik bizitu? Azaroaren 25ean manifestazioan elkartuko gara, kalean salatuko dugu, baina egunerokoan zenbat indarkeria egoera sostengatzen ditugu? Zer egiten ari gara gutako bakoitza indarkeria egoera hauen aurrean?».

Ehunka herritar Izpizua kalean gora, Hernaniko Koordinadora Feministak joan den urtean deitutako mobilizazioan.
 

Atsegindegin hitzordua gaur, Hernaniko emakume talde baten eskutik

Azaroaren 25ari begira, lehenago ere prestatu dituzte ekintza ugari bailaran. Gaur bertan, esaterako, goiz osoko plana prestatu du Hernaniko emakume talde batek, indarkeria matxistaren kontra kaleak hartzeko deiarekin. Atsegindegin jarri dute hitzordua, goizeko 10:30etan hasita. Aurrena, kafe tertulia egingo dute bertan. Eta ondoren, kontzertu akustikoa eskainiko dute Noa Sarriegik eta Nora Etxeberriak. Gainera, luntxa ere izango da bertaratuentzat, eta 'post-it txokoa' ere prestatu dute, nork bere mezuak partekatzeko.

Adingabeengan arreta, Astigarragako ekintzetan

Astigarragan, berriz, lau eguneko egitaraua antolatu dute Emakumeon Etxeak, Udalak, Gazte Asanbladak, Xaguxar aisialdi taldeak eta Gaztelekuak elkarlanean. Adingabeengan jarri nahi izan dute arreta aurten, «Astigarragako indarkeria matxistari buruzko datuak aztertuta». Izan ere, 2023ko datuen arabera, «Astigarragan indarkeria matxista jasan zuten emakumeen %75ak adingabeak dauzka ardurapean». Hori horrela, «oso kezkatuta» agertu dira, indarkeria matxistak «haur, nerabe eta gazte horien ongizatean daukan eraginarekin». Gainera, nabarmendu dutenez, indarkeria matxista «normalizatzeko arriskua haunditu» egiten da, tartean adingabeak daudenean. 

Ildo horretatik jo dute egun hauetarako antolatutako ekintzek ere. Atzo egin zuten aurrenekoa, indarkeria bikarioari buruzko kafe tertulia; seme-alabak emakumeari min egiteko erabiltzen dituen indarkeriari buruzkoa, alegia. Horrekin jarraituz, Gaztelekuan jarri dute hitzordua biharko. Nerabeentzako saioa izango da, 17:30etan hasita, indarkeria matxista identifikatzeko: «Indarkeria matxista desagerrarazteko, ezinbestekoa da erasoak identifikatzea. Izan ere, egunerokoan bizi ditugun jokabide edo egoera asko oso errotuta eta onartuta dauzkagun arren, erasoak dira, eta eraso gisa identifikatzea garrantzitsua da».

Ohi bezala, bi mobilizazio izan­go dira Astigarragan, azaroaren 25ean. Udaletxearen aurrean egingo dute aurrenekoa, eguerdiko 12:15etan izango den elkarretaratzea. Eta Erriberatik abiatuko da bigarrena, 18:30etan, Emakumeon plazaraino egingo duten manifestazioa. Horren aurretik, txapa tailerra egingo dute Erriberaren kanpoaldean bertan, haur eta nerabeentzat.

Eta hurrengo egunerako ere antolatu dute saio bat herrian, jarduerei bukaera emateko: ge­­nero indarkeriak seme-alaben­gan duen eraginari buruz, hitzaldia eskainiko du Sortzen aholkularitzako Sheila Melcon Lopezek, arratsaldeko 18:30etan hasita, Emakumeon Etxean.

14 indarkeria matxista kasu Astigarragan, aurten

Datuetara jo du Astigarragako Udalak ere, azaroaren 25aren atarian; eta nabarmendu du «oso kopuru kezkagarriak» dauzkala herriak aurten ere, indarkeria matxistari dagokionez. Azaldu dutenez, urte hasieratik urriaren 31ra bitarte, 14 kasu berri artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: «2023 osoan 16 kasu izan ziren; beraz, esan dezakegu kopurua eta joera iazkoaren antzekoa dela». Jakinarazi dute, gainera, 11 pertsona daudela «indarkeria matxistagatiko urruntze aginduekin», horietatik sei aurten ezarritakoak, eta beste bost lehendik datozenak.

Aurten artatutako 14 kasuei dagokienez, diote %71k jasan duela indarkeria bikotearengandik; eta %64 direla 31 eta 50 urte bitartekoak, baina adingabeen bi kasu ere artatu dituztela.

Gainera, 2024ko datuek ere berresten dute aurtengo ekintzetan nabarmendutakoa: biktima gehienek (%67) daukate seme-alabaren bat ardurapean eta beraiekin bizi dira, eta kasu guztietan dira adingabeak seme-alabak. 2023an, biktimen %75ak zeukan adingabeko seme-alabaren bat.

Udalak nabarmendu duenez, datuek erakusten dute «Astigarragan ez gaudela isolatuta, eta gurean ere indarkeria matxista dagoela. Azken urteetako joera da urtero 15 kasu berri inguru izatea. Oso datu kezkagarriak dira, eta guztion erantzukizuna da indarkeria matxistari aurre egitea. Horretan sentsibilizatu nahi genituzke herritarrak. Askotan normaltzat jotzen ditugun eta erasoak diren jokabide horiek identifikatu behar ditugu, eta horiei aurre egin. Guztiok batera egin behar dugu hori, herri eta gizarte gisa».
 

Buruntzaldea mailako mobilizazioa Hernanin, Itaiak deituta

Beste mobilizazio bat ere izango da Hernanin, azaroaren 25ean bertan. Izan ere, Buruntzaldea mailako mobilizazioa deitu du Itaiak, 'Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!' lelopean. Arratsaldeko 18:30etan abiatuko dira Plazatik. Horren ondoren, Urnietan jarri du hitzordua Itaiak, ekitaldia egingo baitute 19:30etan, Zaldundegi plazan.

Kalejira morea Goizuetan, eta elkarretaratzea eta afaria Aranon

Azaroaren 25erako jarri dute hitzordua, Goizuetan eta Aranon ere. Kalejira morea egingo dute goizuetarrek, 18:00etan plazan elkartuta. Gizon eta emakume guztiei egin diete deia aldarrikapenekin bat egiteko, eta arropa morea janztea eskatu diete. Ondoren, txokolatada egingo dute.

Aranon, berriz, arratsaldeko 18:30etan izango dute elkarretaratzerako zita, Kontzeju aurrean. Ohi bezala, afari-merienda egingo dute elkartean, ondoren.

Sua eta literatura Ereñotzun, indarkeria matxistaren kontra eta berdintasunaren alde

Indarkeria matxistaren kontrako aldarrikapenekin bat egingo dute Ereñotzun ere, eta bi ekintza berezi antolatu ditu Katiluzar guraso elkarteak. Azaroaren 25ean bertan izango da aurrenekoa, 18:00etan Ereñotzuko plazan elkartuta: 'Sua piztu eta indarkeria itzali'. Bigarren ekintza, berriz, asteazkenerako prestatu dute, hilaren 27rako: 'Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu' saioa eskainiko du Parean elkarteak, 19:00etan Auzo Udaleko areto nagusian.

AZAROAK 25: BAILARAKO EKINTZAK, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO EGUNAREN HARIRA

GAUR, larunbata

10:30, Kafe tertulia, Atsegindegin, Hernaniko emakume talde batek antolatuta.

12:30, Kontzertu akustikoa eta luntxa, Atsegindegin: Noa Sarriegi eta Nora Etxeberria. Hernaniko emakume talde batek antolatuta.

BIHAR, igandea

17:30, Indarkeria matxista iden­tifikatzeko saioa nerabeentzat, Astigarragako Gaztelekuan.

AZAROAK 25, astelehena

12:15, Elkarretaratzea, Astigarragako udaletxearen aurrean.

16:45, Haur eta nerabeentzako txapa tailerra, Erribera kulturgunearen kanpoaldean.

18:00, 'Sua piztu eta indarkeria itzali', Ereñotzuko plazan, Katiluzar guraso elkarteak antolatuta.

18:00, Kalejira, Goizuetako plazatik hasita: 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara'. Ondoren, txokolatada.

18:30, Elkarretaratzea, Aranoko Kontzejuaren atarian. Ondoren, afari-merienda elkartean.

18:30, Manifestazioa, Erribera kulturgunetik Emakumeon plazara: 'Ez bazara konponbidea, arazoa zara'.

18:30, Buruntzaldea mailako mobilizazioa, Itaiak antolatuta, Hernaniko Plazatik: 'Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!'. Ondoren, 19:30etan, ekitaldia Urnietako Zaldundegi plazan.

19:00, Kazerolada ibiltaria, Koordinadora Feministak antolatuta, Hernaniko Plaza Berritik abiatuta.

AZAROAK 26, asteartea

18:30, Hitzaldia, Astigarragako Emakumeon Etxean: 'Genero indarkeriak seme-alabengan duen eragina', Sortzen aholkularitzako Sheila Melcon Lopezen eskutik.

AZAROAK 27, asteazkena

19:00, 'Haur literatura, berdintasunaren aldeko aliatu', Parean elkartearen eskutik, Ereñotzuko Auzo Udaleko areto nagusian. Katiluzar guraso elkarteak antolatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!