Oso kolore desberdinak hartu ohi ditu neguak, txirrindularientzat. Batzuk ziklokrosaren lokatzetan mugiltzen dira, beste batzuek pistaren elegantziara jotzen dute, eta gainerakoek errepideko hurrengo denboraldirako prestaketak abiatzen dituzte, atseden pixka bat hartu ondoren.
Dagoeneko martxan da ziklokroseko denboraldia, eta bada astigartar gazte bat, lokatz kontuetan bere abilezia erakusten ari dena, beste behin: Eneko Olveirak maila ederrean egin du debuta 23 urtez azpikoen kategorian. Elitekoekin batera lehiatzen dira, eta goi-goiko postuetan aritu da Olveira orain arte. Medina de Pomarren 22garren eta Villarcayon 9garren izan ondoren, Euskal Herriko lasterketei heldu zien, sekulako emaitzekin.
Zornotzan bigarren izan zen azaroaren 2an, Aitor Hernandez irabazlearekin lehia ederrean. Hurrengo asteburuan, Espainiako Kopako proban aritu zen Karrantzan, eta 11garren postua lortu zuen. Eta joan den asteburuan, Berrizen, Hernandezekin lehia bizi-bizia izan zuen bigarren posturako, azkeneko bihurgunera arte: erori egin zen astigartarra, eta hirugarren bukatu zuen azkenean. Zornotzan eta Berrizen, bera izan zen onena 23 urtez azpikoen artean.
Ziklokrosean ari da Aimar Zapiain ere, kadete mailan. Sekulako partehartzea dago kategoria horretan, eta Berrizen 66garren, Zornotzan 79garren eta Karrantzan 85garren izan da Zapiain, besteak beste.
Lezamako Ziklokrosean daukate hurrengo zita bihar, goizeko 10:15etan kadeteek, eta eguerdiko 12:00etan elite mailakoek.
Pistako denboraldian, zalantza eta kezka nagusi
Ezberdina da egoera, pistako txirrindularien kasuan. Donostialdea Bizikletan taldeko txirrindulariak, adibidez, ari dira entrenatzen pistan; tartean bailarako Ekhi Garmendia, Markel Alonso, Unai Hernandez, Aimar Capdequi, Unax Otegi eta Danel Txapartegi. Astelehen, asteazken eta ostiraletan ari dira Donostiako belodromoan, Onditz Urruzmendi entrenatzaileak azaldu duenez. Baina lehiatu ezinik daude momentuz, berez azaroaren hasieran ekin behar zioten arren.
Izan ere, oztopo izaten jarraitzen dute, Gipuzkoan, errepideko denboraldian izan diren arazoek. Gauzak horrela, Gipuzkoako Federazioak erabaki zuen oraingoz ez hastea pistako denboraldia, probintziako txirrindularitzaren beharrak asetzeko nahikoa aurrerapauso eman ez dela iritzita.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, lan mahaia osatu zuten Gipuzkoako txirrindularitzaren arazoak konpontzeko. Aldundiak egutegi bat proposatu zuen pistako denboraldirako, baina Gipuzkoako Federazioak ez zuen onartu, ezohiko batzarrean.
«Ez dakigu noiz hasiko den, ezta hasterik izango ote den ere», azaldu dio Urruzmendik Kronikari: «Gero eta beltzago ikusten dugu pistako denboraldia, dagoeneko oso berandu baita. Jokatuz gero, askoz ere jardunaldi gutxiago izango dira. Lehengo urtetik zeuden orduak eskatuta lehiaketa egunetarako, eta orain arte, taldeek data horiek aprobetxatu dituzte larunbat arratsaldetan entrenatzeko».