Musikarien, poeten eta itsuen patroia da Santa Zezilia eta bihar ospatuko dute santuaren eguna. Musikarientzat kontzertuetarako egunak izaten dira azarokoak. Honela, bihar, 19:00etan Biterin, Hernaniko Herri Musika Elkarteak antolatuta, Juan Mari Beltran: Lagun artean kontzertua eskainiko da. Egindako lanaren aitortza eta eskertza egin asmoz, Juan Mari Beltranek urte luzez sortu, bildu edota moldatu dituen doinuekin osaturiko kontzertua eskainiko dute.
Bertan parte hartuko dute Hernaniko Txistulariek, Errenteriako Herri Arte Eskolako dultzaina eta alboka taldeek eta Juan Mari Beltran laukoteak. Laukote hau Juan Mari Beltran (Txistua, dultzaina, alboka, xirolarrua, klarinetea, arrabita eta ahotsa), Errege Belda (Akordeoia), Ander Barrenetxea (Perkusioa eta ahotsa) eta Aitor Gabilondok (Ahotsa) osatzen dute.
Hernani Musika Eskola Publikoko ikasleak ere ez dira bihar etxean geratuko. Musikalean, erdigunean barrena, kalejiran arituko dira euren doinuak belarrietara iristen 18:00etatiik aurrera.
Kantuz eta Iruñako Arturo Kanpion abesbatzek, etzi, San Joan Bataitzailearen elizan
Asteburuan ospakizunek ere jarraituko dute. Honela, etzi, San Joan Bataitzailearen parroki elizan kontzertua eskainiko dute, 20:00etan, Hernaniko Kantuz abesbatzak eta Arturo Kanpion abesbatzak. Arturo Kanpion Abesbatzaren ibilbidea 2004. urtean hasi zen, Iruñeko Txantrea auzoko Arturo Kanpion eskola publikoko hainbat gurasok sustatuta.
Igandean, Astigarragan kontzertua Andre Mari elizan eta Emakumeon plazan
Astigarragan ere ez dira kontzertuak faltako. Txirriskla elkarteko txistulariek Aiztondo abesbatzarekin batera eta Iñaki Gezala piano jotzailearen laguntzarekin Andre Mari elizan eskainiko dute kontzertua, 12:30etatik aurrera. Ondoren, kontzertuak jarraipena izango du Emakumeon plazan.