«Izugarrizko plaza zegoen Oiartzunen, eta pena da saiorik kaxkarrena bertan egin izana»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 00:00

Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarra eta Eli Pagola ereñotzuarra, zortziko haundiko ariketan, Oiartzungo finalaurrekoan.

Finalaurrekoetako saioan ez asmatu izanaren penaz, baina Gipuzkoako Txapelketan egindako lanarekin gustura geratu dira Eli Pagola ereñotzuarra eta Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarra.

Igandean bukatu zen Gipuzkoako Txapelketako ibilbidea Eli Pagola ereñotzuarrarentzat, eta baita Asier Azpiroz 'Azpi' zubietarrarentzat ere, karanbola haundiegia gertatu ezean. Paulo Ttikiya Bertso Eskolako bi kideak seigarren eta laugarren izan ziren Oiartzunen, hurrenez hurren, 449 eta 475,5 punturekin.

Despedida traza hartu zuen bien azken agurrak, baina egindako bidearen edertasuna nabarmenduz. «Bagenekin eta eutsiko diogu, hemen profesionalak daude ta gero gu, baina bideak ere asko balio du», kantatu zuen Pagolak; eta 'Azpi'k, «Arnaitz managerrarekin eta Unai taxistarekin hiru bidaia on» egin dituela azpimarratuz, gozatzen jarraitzeko gonbitea luzatu zien zaleei: «Bertsoa gauza sorgina da ta segi dezala izaten».

Igande arratsaldean, behintzat, gozatzeko moduko saioa izan zuten, Oiartzungo Elorsoro kiroldegia lepo bete zutenek. Eta ez ziren gutxi izan, Urumea bailaratik bertaratutakoak: makina bat hernaniar ikusi (eta sentitu) zitezkeen harmailetan, bereziki Elik kantatzen zuen bakoitzean.

'Azpi' eta Eli, kantatzen aurreneko biak

Zozketaren kasualitate bihurriak hala erabakita, Eli eta 'Azpi' izan ziren aurreneko biak kantuan, zortziko haundian. Telebistako albistegietako aurkezleen papera hartu behar izan zuten, eta albisteetan irudi gogorrak jarri edo ez eztabaidatu. Asierrek halaxe ekin zion jartzearen aldeko postura defendatzeari: «Egia gordin esan behar da, ezin da ezer tapatu; gauza gogorrak ezin baitira, inoiz xuabe informatu». Eta Elik erantzun: «Informatzeko ez degu zertan morboa zabaldu behar». Ariketa txukuna osatu zuten biek, jendearen interpretazio kritikoari ere dei eginez.

Hortik aurrerako ariketak, nobedade izan ziren aurtengo txapelketan. Zortziko txikian launa bertso osatu behar izan zituzten, rolak emanda. Tatuatzailearen paperean oso deseroso aritu zen Asier Azpiroz, 'Ama' tatuatu nahi zuen Ane Labaka bezeroarekin. Gainera, poto batek ihes egin zion bigarren bertsoan, eta puntu sorta ederrak alde egin zion zubietarrari. Eli Pagolak telefono bidezko saltzailearen rola hartu behar izan zuen, eta telefonoa hartu zion Oier Etxeberriari 'Kaixomaitia'rako premium atala, entziklopedia bat eta Hauspoaren sail eder bat eskaini zizkion dei berean.

Seiko motzean, berriz, ganbarako lanean binaka aritu ziren bertsolariak, honako gaiarekin: Bikotea zarete; une gogorrak igaro dituzue elkarrekin, baina indartuta atera zarete. Oier Etxeberriarekin aritu zen 'Azpi', eta elkarrekin bizitzera joan den bikotearen paperetik aritu ziren. Elik, berriz, Nerea Elustondorekin kantatu zuen, 15 urte elkarrekin daraman bikote ezkongabea osatuta: zahartu arte «bolloak egiten» jarraitzea erabaki zuten azkenean. Ariketa horretan, koxka haundia atera zieten Beñat Gaztelumendik eta Ane Labakak gainerakoei, abortu bat izan berri duen bikotearen azaletik.

Puntutan aritu zen ondoen 'Azpi', eta oso ariketa polita osatu zuen Nerea Elustondorekin: bi lehengusu ziren, txikitan jolaserako erabilitako aiton-amonen ganbara txukuntzen. Argazki zaharrak, jostailuak, kontserba pote ustelak, egurrezko eskopeta, karnabaletako peluka «erridikuloa»... Denetik topatu zuten bertan. Eliren lana, berriz, Oiartzungo kaleetan Gabonetako argiak jartzea izan zen, Beñat Gaztelumendirekin batera, brigadako langileak zirela eta.

Eta arratsaldeko ariketak bukatzeko, gai bana emanda bakarka aritu ziren bertsolariak. Mediku baten azaletik aritu zen Asier Azpiroz, gero eta bezero gehiago lotarako arazoekin joaten zaizkiona. «Estresean murgilduta dago langile klasea» adierazi zuen zubietarrak, eta ohean sartzean hasten dela «oinazea», horrelakoetan ez baita aski «ardi batzuk kontatzea». Horrela borobildu zuen ariketa: «Gaur egun premizkoa da bizimoduz aldatzea, ze errexa ta ze zaila gure buruak zaintzea».

Eli Pagola, berriz, kirolari profesionala izan zen bakarkakoan, lesio bat tarteko bere unerik onenean kirola utzi behar izan duena. Pelotari baten papera hartu zuen ereñotzuarrak: «Kanpotik eta barrutik ere jasotako presioa, orain ulertu behar al nuen kirolaren prezioa?». Etorkizunak kirolari profesional bati ireki diezazkiokeen ateak aipatu zituen, baina ñabardura bat emanda jaso zuen txalo zaparrada ederra: «Hori guztia izango nuke gizon izango banintza». Horregatik, halaxe eman zion bukaera: «Profesionala izan arren, kanpora joan nadila, taldeko pieza soilik ez naizen leku hobe baten bila».
 

Eli Pagola: «Asko pozten nau, une batzuetan behintzat, bilatzen dudan Eli bertsolaria ikusi izanak»

Bazekien Eli Pagolak «saio exijentea» izango zela Oiartzungoa, egin beharreko lanagatik, eta are gehiago lehenengo finalaurrekoa izanik: «Tentsioa nabari zen guregan, baina bereziki publikoarengan». Hala ere, «lasai xamar eta gogotsu» joan zen saiora, «tentsioak eta urduritasunak gain hartu gabe», dagoeneko Euskal Herrikora txartela ziurtatuta ez zeukalako «galtzeko gauza haundirik». Finalerako zeuzkan «aukera apurrak» aprobetxatu nahi zituen, baina ez zuen horretan asmatu: «Inpresioa egiten du seigarren postuan ikusteak, baina nire aukerak aprobetxatzeko kale edo bale horretan, kale egin nuen eta kitto. Ez dut ikusten bertso mailaz beherago egon nintzenik, baizik eta apustu bat egin eta ez zitzaidala guztiz ondo atera».

Zentzu horretan, azaldu du txapelketan «oso presente» izan duela zertarako igo den oholtzara: «Bertsoa arte diziplina bezala ikusten dut, eta eragiteko gaitasuna da bere baliorik haundiena. Bertso bat polita izatea baino gehiago interesatzen zait 'tripa' edukitzea. Jende askok egin ditu deskubrimendu ikaragarriak, bertsoaren eragiteko gaitasuna nola erabili; eta nik ere bide hori hartzeko intentzioa dut. Asko pozten nau, momentu batzuetan behintzat, bilatzen dudan Eli bertsolaria ikusi izanak».

Hartutako bide horretan, «lehenengo kolpean etorritako enfoke batzuei uko» egin diela azaldu du, «niregandik gertuago zegoen diskurtso bat bilatu nahian, nire ideologia bertso formatura ekartzeko». Badauka arantza, txapelketako «saio exkaxena» finalaurrekoan tokatu izanagatik: «Hartutako arriskuaren neurriko erantzuna da, baina ez naiz damutzen horrela jokatu izanaz. Oso gustura nago egindako txapelketarekin, nahiz eta borobildu ez izanaren penarekin geratu. Elgoibarren oso seguru sentitu eta Azkoitin asko gozatu ondoren, uste dut egon nintekeela finalaren atarian».

Poztekoa izan da berarentzat, era berean, «bertso eskolako taldean nola eraman dugun txapelketa. Asko hobetzeko balio izan digu, eta bi aste barrukoan ere izango ditugu bertso eskolako kide dexente. Haiei zorterik onena, jende asko dago sari haundi bat merezi duena».

Asier Azpiroz: «Ez nuen lortu disfrutatzerik eta publikoarekin nahi adina konektatzerik»

Oiartzunera «ustez nahiko lasai» joan, baina barruan «urduritasun gehiago» zuela ohartu zen Asier Azpiroz, saioa hasi orduko: «Ez neukan bertsoaren erabateko kontrola». Gauzak horrela, ez zen nahi bezala hasi zortziko haundian, gustura bukatu arren; eta «txapelketa osoko ariketa kaxkarrena» osatu zuen zortxiko txikian: «Poto egin nuen, baina hori izan zen akats txikiena. Oso galduta ibili nintzen, eta asko sufritu nuen. Txapelketa honetan zerbaitetan asmatu badut, izan da bertso txar-txarrik ez dudala bota, eta igandean zortziko txikian ez zen horrela izan». 

Ondoren, uste du seiko motzean ere ez zutela asmatu bide­arekin: «Gaia pisuzkoa zen, eta guk aukeratutako bidea ez zen pisuzkoa, ez errealista. Ahal ge­nu­ena egin genuen, baina bide ho­rretatik ez zegoen gauza onik». Puntutan aritu zen erosoago, eta bakarka ere «nahiko gustura».

Gauzak horrela, «pena haundiarekin» bukatu zuen saioa, Oiartzunen «izugarrizko plaza» zegoelako: «Jende asko, ezagun asko, giro beroa... Eta ez nuen lortu disfrutatzerik eta publikoarekin nahi adina konektatzerik. Iruditzen zait gehiago eman nezakeela, nahiz eta finala oso urruti ikusi. Aho zapero goxoagoarekin bukatu nahi nuen, baina horrelaxe tokatu da, eta txapelketaren irakurketa positiboa egin nahi nuke orokorrean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!