Garaipen haundia Mundarroko neskek, Oiarsoren kantxan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 00:00

Mundarroko Irazoki, baloiarekin.

Moreak 44-47 nagusitu ziren Errenterian, eta lasaitasuna lortu dute, zortzigarren postura igota sailkapenean.

 

Denboraldiak oso luze joko du oraindik, baina garaipen garrantzitsua lortu zuen Mundarrok larunbatean, Errenterian, lasaitasun pixka bat lortzeko. Astigartarrek 44-47 irabazi zioten Oiarsori, eta zortzigarren postura egin dute gora, nesken Gipuzkoako lehenengo mailan. Hiru garaipen eta hiru porrot pilatu dituzte, aurreneko sei partiduetan.

Gainera, goiko postuetan kokatu litezke moreak, jokatzeko falta duten partidua irabaziz gero: bigarren jardunaldiko partidua atzeratu egin zuten, Eskoriatzaren kontra jokatu behar zutena; eta abenduaren 8ko asteburuan izango dute.

 

Mundarroko eta Hernaniko mutilek, porrota

Bailarako mutilen talde nagusiei egokitu zaie ifrentzua, asteburu honetan. Mundarrok porrot gogorra jaso zuen Oñatin, Gipuzkoako lehenengo mailan: 78-58 galdu zuen larunbatean, Aloña Mendiren kontra. Oñatiarrek hasieratik egin zuten ihes markagailuan, eta 45-31ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira. Ezin izan zioten buelta eman astigartarrek.  

Hernanik, berriz, Donostian galdu zuen egun berean, Easo Basketen kontra (85-72). Ez zioten ondo ekin hernaniarrek, baina aurreneko laurdena 19-10 bukatu ondoren, garaipenaren lehian mantentzeko gai izan ziren, laugarren laurdenera 65-60 iritsita. Azkeneko 10 minutu horietan, ordea, finago aritu ziren donostiarrak berriro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!