Ahazteko moduko asteburua, bailarako talde nagusien porrotekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 00:00

Gogotik lehiatu arren, puntuek Zubipetik ihes egin zieten Hernaniko mutilei.

Partidu zailak zeuzkaten, eta galdu egin zuten Mundarrok eta Hernaniko neskek zein mutilek.

 

Ez zeukaten asteburu erraza, bailarako futbol talde nagusiek; eta ahazteko modukoa suertatu da azkenerako, hiruek jaso baitute porrota, beraien partiduetan. 

Hernaniko neskek 3-0 galdu zuten Euskal Ligakoa, Erandioko Betiko Neskak taldearen zelaian. Hasi eta ordu laurdenera jarri zitzaien partidua malda gora, bizkaitarren aurreneko golarekin. Berdinketaren bila aritu ziren berdeak, atsedenaren aurretik eta ondoren, baina 10 minutuko tartean zapuztu zituen hernaniarren aukerak Erandiok, 53an eta 62an bi gol eginda. Hori gutxi balitz, 73an txartel gorria erakutsi zion epaileak Malen Arzaduni, eta jokalari bat gutxiagorekin bukatu zuten partidua hernaniarrek, punturik lortzeko aukerarik gabe.

Are aho zapore garratzagoarekin geratu ziren Hernaniko mutilak, Ohorezko Erregional mailan, Bergararen kontra 1-2 galduta etxean. Berdeek primeran ekin zioten, Xabat Etxandik 15garren minutuan lortutako golari esker. Ondo eutsi zioten emaitzari, ordu erdi falta zen arte. Orduan, hankaz gora jarri zitzaien partidua: 62an penaltiz berdindu zuen Bergarak, eta bost minutu beranduago sartu zuen garaipenaren gola. Ezin izan zuen puntu bat berreskuratu Hernanik, azkeneko 20 minutuetan.

Eta Hernaniko bi taldeek bezalaxe, galdu egin zuen Mundarrok ere, Zizurkilen, Danenaren kontra (3-1). Parekatua izan zen aurreneko ordu erdia, baina atsedenaldiaren aurretik gola lortu zuen Danenak, moreei partidua zailduz. Kontuak are gehiago okertu ziren bigarren zatiaren hasieran, eta 60garren minuturtako 3-0 ari zen galtzen Mundarro. 71garrenean lortu zuen astigartarren gol bakarra Unai Cambrak.

 

Liga Nazionaleko jubenil hernaniarrek, garaipena

Asteburuko albiste ona, Hernaniko mutil jubenilek eman zuten, Liga Nazionalean. Denboraldiko laugarren garaipena lortu zuten berdeek, Zubipen, Barakaldori 2-1 irabazita. Aurreneko bost partiduetan lau puntu pilatu ondoren, bolada onean dira hernaniarrak, eta seigarren postura egin dute gora sailkapenean, 17 punturekin, 11 partidu jokatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!