Laugarren postuan geratu zen Azpiroz eta seigarrenean Pagola, lepo betetako Elorsoron

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 18a, 00:00

Azpirozek eta Pagolak osatu zuten arratsaldeko lehenengo bertsoaldia.

Beñat Gaztelumendi añorgarrak irabazi zuen saioa, 560,5 puntu eskuratuta. 475,5 jaso zituen Azpik, eta 449 Pagolak. 

Atzo arratsaldean jokatu zuten Oiartzungo Elorsoro kiroldegian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Giro beroa sortu zen Oiartzunen, bailarako herritar ugari zeuden tartean, eta txalo zaparrada haundia jaso zuten bertsolariek. Puntuaketak ikusita, finalera sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira Pagola eta Azpiroz.

Beñat Gaztelumendi añorgarrak lortu zuen finalerako txartela. Saio borobila osatu zuen, eta 560,5 puntu eskuratu zituen. Bigarren Ane Labaka izan zen, 552 punturekin. Nabarmentzekoa izan zen bi bertsolari horiek seiko motzean osatu zuten ganbarakoa, haurra galdu berri duen bikotearen paperetik.

Nerea Elustondo izan zen hirugarren sailkatua. 522,5 puntu lortu zituen legazpiarrak, eta finalera sartzeko erdibidean geratu da. Datozen saioetan ikusiko da non geratzen den langa; hala ere, sailkatzeko aukera asko ditu Elustondok.

Koska nabarmena izan zen puntuetan lehenengo hiruren eta ondorengoen artean. Asier Azpiroz izan zen laugarren sailkatua, 475,5 punturekin. Bere ohiko bertsokeran, zehatz adierazi zituen ideiak bertsotan, baina bertsoaldiak borobiltzea falta izan zitzaion. Oier Etxeberriak ere saio dotorea osatu zuen, eta bosgarren geratu zen 468,5 punturekin. Eli Pagolak, berriz, 449 puntu eskuratu zituen; azkeneko agurrean horraino iristeko bideari egin zion erreferentzia ereñotzuarrak.

Datorren igandean jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Zarautzen izango da, arratsaldeko 17:00etan, eta kantuan arituko dira Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Aner Peritz 'Euzkitze', Unai Mendizabal, Eneritz Artetxe eta Eneko Araiztegi.

Atzoko saioaren kronika sakonagoa argitaratuko du Kronikak bihar, webgunean eta papereko alean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!